Euskara gatazka

2010eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Ume berdingoa nintzela, igerilekutik etxerako bidean zegoen horma-margo batek liluratu ninduen. Handia eta koloretsua zen; lantzean behin lore-sortak agertzen ziren bere oinetan. Handik urte batzuetara jakin nuen han hil zutela Eustakio Mendizabal Txikia. Militantzia kideek batzar baten galdetu zioten zein zen askapen borrokaren markoa, eta Eustakiok: Hizkuntzak ematen duena. Hots, gure hizkuntzarekiko afektibitatea da nazio askapenaren motorra. Mapa linguistikoa politikoarekin erkatzea besterik ez dago ohartzeko. Gure herriak milaka urtez irautearen arrazoi bakarra euskara da.

Zapaterok prozesua egongo dela esan berri digu Rubalcaba eta Ramon Jauregi ipini dituen lekuan ipinita. Baina badakigu 90eko hamarkadan estatu eta nazio zapalduen arteko itunek zein frustrazio eragiten duten egun Eire, Palestina eta beste mila lekutan.Autodeterminazioak, zein egitura politiko teorikoek ez dakarte berez gure arazoen konponketarik, tresna egokiak izan arren ere. Edukiz bete behar dira hitz potoloak, eta gainera datorkigun sasoian, euskalgintzak borroka zelaian larrua uzteko prest egon behar du. Alderdien interesen gainetik, trantsizioko euskaltzaletasuna berpiztu eta euskararen biziraupen eta garapena ziurtatuko dituen egoera erdiesteko azken aukera izan liteke.

Euskara debate politikotik atera behar dugu betiko; horretarako bide bakarra dago, guztion arteko itun politiko bat egitea euskararen inguruan. Gure hizkuntza ikasteari uko egiten dion komunitateari argi esan behar diogu ez dugula kalte-ordainik gura mendeetan euskara debekatu, mespretxatu eta hiltzen saiatzeagatik. Baina eurek gure hizkuntza eurena ere badela ikasiz frogatu arte gatazka iturri den mesfidantza historikoak bizirik jarraituko du. Hizkuntza hiltzen saiatu zirenek traba izaten jarraitzen dutelako bere berreskurapenerako. Itun bidez ziurtatu behar dugu nafar guztiok euskara eta erdara ikasiko ditugula. Gero bakoitzak gura duena erabiltzeko. Borroka hori irabaziz gero, bi belaunalditan ez da atzerabueltarik egongo. Inor ez baita elebiduna izanda elebakar izatera igaro gura izateko bezain artaburua.

Euskara ala hil!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.