Ingalaterran badago Basque Children of 37 deitzen den erakunde bat. Ongintzarako erakunde bezala erregistratua dago, eta helburuetako bat, 1937 urtean Gernikako bonbardaketaren ostean Ingalaterrara etorri ziren eta gerora Euskal Herrira itzultzerik izan ez zuten haur haiek elkartu eta garai hartako dokumentazioa biltzea da. 2002 urtean sortu zuten erakundea. Egun berrehun bazkide inguru baino ez baditu ere, izugarrizko ikerketa baliagarria egin dute, esfortzu eta ilusio handiz, memoria historikoa bizirik mantentzeko grinarekin.
Erakundeko bazkideek urtero egiten duten bilera batean izan nintzen duela gutxi Londresen. Bertan bildu ginen, interes eta arrazoi ezberdinek bultzatuta, dozena bat pertsona, hainbat lekutatik etorriak: 1937an Santurtzitik abiatu zen Habana itsasontzian etorri ziren haurretako hiru (orain laurogei urte inguru dituztenak); Edinburgotik zetorren emakumea, bere ama Bizkaian jaioa eta beste lau mila haurrekin batera Ingalaterrara etorria; haurrei laguntzeko itsasontzian etorri ziren bi irakasleren alabak, eta bietako baten senarra; Galesetik etorritako historialaria; Londresen gelditu zen haur baten semea; Eddie Linden, 60ko hamarkada amaieran Londresen poesia aldizkari bat sortu zuen poeta bohemioa; eta erakundearen aurrekontuen arduraduna.
Bilerak eta ondorengo bazkariak iraun zuten denbora guztian, kezka bat nabarmena zen han zeuden gehienen hitzetan: zeregin historiako zati hura eta oroimen haiek ez ahazteko. Izan ere, gutxi dira 1937an etorri zirenen artean bizirik dirautenak; haien seme-alabak ere zahartzen ari dira; eta, dirudienez, bigarren belaunaldiak orokorrean ez du konpromisorik azaltzen gai horri buruz, ez dago interes aktiborik. Jarraipena nola eman eztabaidatuz zebiltzan etengabe, zer egin historiaren zati hori denboran gal ez zedin.
Promesa egin nien aipamen bat egingo niela zutabe batean.
Larrepetit
Ez ahazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu