Hedoi Etxarte

Eztulaz

2024ko urtarrilaren 6a
05:00
Entzun

Urte berriari zegozkion jaiegunen ostean lantokira itzuli nintzen. Bezeroa ordaintzen ari zen eta tiketa atera bitartean eztul egin nuen. Gero berak egin zuen eztul eta konturatu nintzen bataren eta bestearen arteko aldeaz. Non jaiotzen zen nire eztula eta non berea, nola kolpatzen zen eztarrian bata eta bestea, masailaren ze toki puzten zuten bataren ahoan eta bestearenean. Desberdina zen erabilitako aire kantitatea, oihartzuna, sortzen zuen aurpegia biriketakoa eskura iristean.

Handik tarte batera lankide bat sute eskailerara joan zen eta itzuli zen kartoizko kaxatxo zuri-berde batekin. Bekainak altxatu eta keinu bakarrarekin esan zidan COVID-19a zuela eta etxera joan behar zuela, ezin zuela lanean jarraitu.

Biharamunean Bartzelonako egunkari bat irakurri nuen, medikuak kexu zirela, ez zutela baliabiderik. Ni eztularen estetikari nengoen lotua, ordea. Pentsatu nuen eztula badela aparte aztertzeko moduko giza ekintza bat, diziplina zabal bat. Iluntzean, bularrean nuen urtebeteko haurra ari zen eztulka. Entzuten ziren inork ikusi ez baina ustez biriketan zeuden mukiak, dardara egiten zuen kolpe bakoitzean haurraren gorputz txikiak, sorbaldak eztul bilakatzen ziren, begiak eztul. Lotan geratu zitzaidan umea, baina orduan nire txanda zen, eztul egin nuen eta haurra esnatu. Eztula komunikazio eta elkar esnatzeko komunikazio ia aleatorio bezala ikusi nuen orduan, ekoizpen eta birsortze makina krisian sartzeko gai den ustekabeko ekintza gisa.

Gero irakurri nituen oposizioan zegoenean zerbitzu publikoak aldarrikatzen zituen baina orain Espainiako ministro zenean jendeari maskara jartzeko esaten zuenaren hitzak. Baina ni eztul egiteko irensten dugun eta bularra izoztu ostean jaurtitzen dugun airearekin ari nintzen hausnartzen. Doluaren eta desiraren arteko eten horretan, gaua zelatatzen duen kolpean, ametsa eteten duen bulkadan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.