Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Eztulka

2013ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Ezin dut idatzi eztula. Esna pasarazi dit gaua. Eztulka aritzeak adina erremedioa topatu nahiak. Ezintasunari, ez eztulari. Eztula eztiak goxatu dit. Eztula idatzi nahia, ez.

«Nola idazten da eztula», egin izan du galdera batek baino gehiagok sarean, eta erantzunen bat edo beste jaso ere bai. Tuju-tujuka omen dator ez dakit zer hiztegitan. Etxean, tuju eta toju esaten omen zuten. Eju-ejuka egokiago ikusten du beste batek. Edo ajuetaaju. Eta ingelesez nola idazten duten, eta gazteleraz, hala (hizkuntzek zer entzuten dugun nola baldintzatzen duten agerian utziz, beste behin).

Nire eztula ez zen tuju-tuju. Ezta ajuetaaju ere. Eju-tik gertuxeago, esango nuke. Baina hori lehen kolpea, izatekotan. Eztula badatorrela adierazten duena. Ondorengoak beste soinu batzuk ditu, sakonagoak, luzeagoak, oihartzuna uzten dutenak. Eta ezin ditut idatzi.

Eztularentzako letra egokien bila, euriak klink lotsatia egiten zuen balkoiko barandan, baina gogorrago hasi duenean deskantsurik gabeko tiptiptip azkarra kanillen baten kontra. Ezin dut idatzi gaueko auto bakanek lurzoruan pilatutako uretatik pasatzerakoan utzitako arrastoa, eta gutxiago haizeak zoro moduan etxe pareko kalea gurutzatu duenekoa. Behin eta berriz. Bidean aurkitutako guztia astinduz. Gero, goiko bizilaguna jaiki da, ñik ñik ñik (?), tapa-tapa (?) komunera, eta txiza egin du. Bonbari tira egin dio, eta ura nire logelako hormatik behera sentitu dut. Eta ezin dut idatzi.

Egun argiz beste begi batzuez begiratzen zaie ezintasunei. Eztula baretu zait. Baina ez da horregatik. Desafioa ederra da. Dena ez dagoela idatzia frogatzea bezain. Eztul garaia hasi besterik ez da egin. Lortuko dut noizbait zehaztasunez idaztea.

Kezka bakarra: entzundakotik idazteko joera nabarmena dudanez, zenbat lerro joan ote diren orain arte, benetan soinu bat izan eta tuju-tuju idatzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.