«Zer gertatu zen gau hartan? Zure azken gauean?», esanez hasi zuen Ted Hughes poeta zenak inoiz argitaratu ez zuen poema, Sylvia Plath poeta eta bere emaztea zenarekin izandako azken enkontrua kontatzen zuen poema. Hughesen Birthday Letters liburu ezagunaren azken hitzak izan zitezkeenak, berrogei urteren ostean eskuratu ditu British Library liburutegiak, eta istorioari falta zitzaion zatia deskubritu da.
Askotan leporatu zitzaion Hughesi bere emaztearen heriotzaren erruduna izan zela, beste emakume bategatik abandonatu baitzuen. Orain jakin denez, Plathek azken eskutitz bat bidali zion Hughesi bere suizidio asmoak kontatuz eta beraien erlazioari buruzko azken gogoetekin. Baina uste baino lehenago iritsi zitzaion Hughesi eskutitza, eta zoritxarra gertatu aurretik bere emaztearen etxera joatea lortu zuen zer gertatzen zen jakitera. Plathek ez zela ezer pasatzen konbentzitu omen zuen, eta Hughesek etxean utzi zuen beraien seme-alabekin. Hala ere, enkontru hura izandako gau berean sukaldeko labearen gasari eman zion Plathek eta itota hil zen.
Heriotzaren aurreko sentimendu haiek arte pieza bihurtu direnean, ilara handiak sortuko dira orain bitrinaren barruan sartutako poesiaren zirriborroa ikusteko. Aurretik kaleratutako bildumatik kanpo uztea zergatik erabaki zuen oraindik ez da jakina, eta denetariko ikuspegiak azaldu dira jarraitzaile eta jarraitzaile ez direnenen artean: koldarra izan zela egia guztia ez azaltzean diote batzuek; hobeto izango zela azken hitz horiek suntsitu izan balitu eta inoiz agertu ez balira, esaten dute besteek.
Inporta zaizkigun horiekin benetako sentimenduak nahi dugun guztietan ez partekatzeak arduratzen gaitu batzuetan. Edo maite ditugunei min egiteko beldurrez isiltzen gara besteetan.Bata edo bestea dela ere, inoiz ez da soluzio bakar bat egongo heriotzarekin batera hitz gehiegi edo gutxiegi eramatea zein den egokia esaten duena.
Falta ziren hitzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu