Esan ohi da txakurrekin edo ume txikiekin kalean dabilena errazago aritzen dela ezezagunekin hizketan. Hamaika urteko bi neskatorekin aritu naiz berbetan. Semearen izena galdetu didate eta, baita alabarik ez dudan. Ezetz erantzun diedanean, harrituta: ume bakarra al duzu? Mariamek bost neba-arreba direla eta bere ama nire adin berekoa dela kontatu dit. Zarak ere, lau direla beraiek.
Prentsan borborka dabilen bi emakumeren arteko liskarra etorri zait gogora. Familia ministroaren elkarrizketa izan da abiapuntua. Kristina Schröder kontserbadorismo modernizatuaren ordezkaria da. (Ezkontza homosexualen alde azaltzen da, bikote homosexualek ere balio kontserbadoreak bizi dituztela argudiatuz). Bere adierazpenetan, emakume izateko eskubidea defendatu du. Makillatu eta gonak janztekoa. Bikoteak eta seme-alabek zoriontsu egiten dutela aitortzekoa. «Iruditzen zait garai bateko feminismoak, neurri batean, ez zuela (halakorik) kontuan hartu».
Alice Schwarzerrek, 70eko hamarkadako feminismoaren figura handienetakoak, gutun publiko batekin sutsu erantzun dio ministra gazteari. Haserrea da nagusi gutunean, eduki aldetik berritasunik ez.
Erronka egunerokotasunean dagoela ahaztu al dute? Politikak badu zeregina eta eragina egunerokotasunean. Hainbat emakumek umeak izatea atzeratzen (edo baztertzen) du lana dela eta. Nahi beste seme-alabaren ama askok ez du aintzakotzat hartzen ama izateaz haraindi doan beste jarduerarik (dela arrazoi kulturalengatik, heziketa faltagatik, bazterketa sozialagatik edo aurrekoen nahasketagatik). Eta multzo handi batek spagata egiten du lana eta familiaren artean.
Gaurko familia ministro batek umeen hezkuntzan gizon-emakumeen ardurak banatzeak planteatzen dituen zailtasunez arduratu beharko luke. Eta ardura horiek lanarekin bateragarri egiteko erronka dauka. Bateragarritasun horri aukerak eman eta mugak jarri behar zaizkio.
Familia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu