Ez da ohikoa, «Espainiako hizkuntza ofizialen» artean, gazteleraz abesten ez duen kantaririk entzutea Espainiako telebistetan. Tartean behin fortunatzen da bakarren bat. Berriki agertu da Tanxugueiras galiziar hirukotea TVE1en, Benidorm Fest 2023 laster dela eta, halako promozio jaialdi batean. Iazko edizioko artistak aritu ziren, gazteleraz gehienak, ingelesez batzuk, galegoz galiziarrak.
Zer da kontua eta ingelesez kantatutakoak, azpititulaturik eman zirela. Tarrio eta Maneiro ahizpak hasi zirenean baina, Pano Corado abestia «beste hizkuntza batean ari dira» huts batez itzuli zen. Kritikak RTVEko Entzulearen Defendatzaileraino harrotu ziren. Erantzuna orain jakin da: «presa zela eta, RTVEtik kanpoko enpresa bati eman zitzaion azpitituluen ardura».
ETB2n, Akelarre saio berria. Bi aurkezleen ibilbidea ikusita, ipurkoloka eseri nintzen. Eta noski, gertatu behar zena gertatu zen («indefektibleki» esango zukeen gure politikarietako batek). Hasi da Pablo Ibarburu Ana Goitia lekeitiar kazetaria aurkezten Valeria Ros-i eta… «nuestra siguiente invitada es una periodista de la casa… etxean… etxeko». Rosek berehala: «etxera...». (Barrea) «Sí, sí, etxea». (Algarak). Ibarburuk: «tú lo dices en japonés». (Publikoak leher).
Gero, Goitiarekin aurrez aurre, hark azaldu zionean ohitua zegoela kritika zezaten, «influencerra naiz, lodia naiz, euskalduna naiz…», Rosek erdaldunaren espantuz: «flipatzen ari naiz, euskalduna zarelako kritikatzen zaituztela?».
Horra bi adibide hedabide publikoetakoak bi egunetan. Urtean zenbat diren, konta ditzala egonarririk duenak. Isiltze sistematikoa edota barre etengabea, teorian ofizialak diren hizkuntzetako hiztunen lepotik. Maltratatua, Lurralde Politikako Ministerioaren webgunera jo dut babes bila. Euskarazko testuan sartu naiz: «Aipatutako errege, etengabeko babesa eta laguntza unitatea da eta al Consejo buruzko azterketa…».
LARREPETIT
Federalismo linguistikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu