Badira aste batzuk erietxean dagoela, bainatzen ari zela aldaka hautsi zuenetik. Adindua den arren, nahiko ongi sendatzen ari da eta badaki pare bat egunetan etxera bidaliko dutela medikuek. Poz handiz esaten diote Gabonetan etxean izango dela, eta berak ez du espero zitekeen irribarrea erakutsi. Trikota egiten jarraitzen du, Gabonak data bereziak izango ez balira bezala beretzat. Sendatze-agiria jasotzeak poztuko ez balu bezala.
Orduan hasi da buruko minekin. Goizean goiz tenperatura hartu dion erizainari buruko minez dagoela esan eta pilula bat ekarri diote handik gutxira. Buruko mina ez zaio desagertu, ordea, eta medikuek hainbat proba egitea erabaki dute, badaezpada. Ez dute buruko minaren zioa aurkitzen. Ez dakite zer geratzen zaion emakumeari. Gaixoak horrenbeste aldiz pentsatu du buruko mina duela, azkenean benetako mina sortu zaio, lokiak estutzen dizkion min arraroa. Kezkatzen hasi da bere gezur txikia egia bihurtu delako nahi gabe.
Garbitu duen langileari kontatu dio bakarrik dagoela, eta ez lukeela etxera bultatu nahi Gabonetan. Seme bakarra duela, Galizian bizi dena eta bisita gutxi egiten dizkiona. Errainak gogo handirik gabe gonbidatu duela Eguberriak haiekin pasatzera, eta berak ongi argi ulertu duela ez dutela joatea nahi. Etxeko lanak egiten laguntzen dion neska da daukan konpainia bakarra, baina Ekuadorreko beste neska batzuekin elkartzeko asmoa duela esan diola eta berak ez duela ausardiarik eduki haiekin joateko eskatzeko.
Garbitzaileak ez du ezer esan berak oso ongi dakielako zer den bakardadea. Zer den orduak ezin betetzea etxea hutsik dagoenean. Zer den zeure buruari opari bat egitea eta inor ez izatea parean papera urratu behar duzunean. Zer den loak hartzea telebista aurrean ardo gozoaren eraginez. Zer den txanda aldatzea egun seinalatuetan lan egiteko eta bueltarakoan ohean sartzeko, leher eginda, pertsiana beheraino jaitsita kaleko argiteria ez ikusteko.
Larrepetit. Castillo Suarez
Gabonak erietxean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu