Larrepetit. Fredi Paia

Gazteri berria

2010eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Patxi Juaristiri elkarrizketa mamitsua egin dio asteon Bizkaiek. Soziologo markinarraren doktore tesia euskaldunon kultur ekarpen unibertsalaren adibide modura ipini izan dut beti. Euskal gizartearen antolakuntza euskararen ikuspegitik aztertzea sinesgarria den metodologia bakarra iruditzen zait. Barandiaranek esaten zuen moduan, gure «ei» eta «ohi»-etan datza hain modernotzat ditugun arazoei milaka urtetako esperientziaren bidez eman diegun erantzuna. Eta Juaristik «gure etxea» eta «gure ama» soziologiara ekarri zituen. Ez da derrigorrezko urratsa, baina konplexuz beteriko euskal kulturari ondo datorkio homologazio usaina duen oro. Baita ondorioen inplikazioa onartzen ez duen kasuetan ere.

Etorkizun beltza aurreikusten du Juaristik: «Bihar-etzi gizarte indibidualistagoa, hedonistagoa eta arriskutsuagoa izango dugu». Euskal gizartearen antolakuntza mailaz mitoak hautsi eta Gabirel Ezkurdiaren Alcantaratarren teoriara lerratzen da: hemen beti egon da ehuneko hamar bat oso konprometitua alde batekin, beste ehuneko hamar bat guztiz konprometitua kontrakoarekin eta gainerako %80a Alcantaratarrak dira. Hau da, Frankismoan frankistak, Feliperekin felipistak, Ibarretxerekin soberanistak eta Patxi Lopezekin hiritar aspertu. Hala ere, Juaristik gatazka politikoaren inplikazioak sano gainetik igarotzen dituela iruditu izan zait beti. Euskal gazteen militantzia baxua ei da ehunekoetan, Europako beste leku batzuekin alderatuta. Elkarrizketa argitaratu den egun berean Segiko beste zortzi gazte atxilotu dituzte. Batzarretan parte-hartu eta kartelak jartzeagatik hamarkada kartzelan igarotzeko arriskua dagoen herri baten bizi garela ahazten zaio. Edo ez du esaten, behintzat.

Gazteri berekoi, materialista eta kontserbadorea datorkigu etorkizunaren ingeniari. Eta zer gura genuen ba? Gure balio demokratikoek kartzela, kriminalizazio edo bazterketa sozialarekin ordaintzen badute giza-marrazoarekin kritikoa den alternatiba oro?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.