Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Gerra nuklearra eta eternitatea

2022ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Ez dakit zergatik irakurtzen ditudan liburuak. Badira batzuk bukatu ezin ditudanak, iristen dira mesanotxera, hasten ditut, sartzen zaizkit beste batzuk tartean, itzultzen naiz, berrirakurtzen ditut, zikindu, oharrak hartu, onomastikotik berrirakurri, aurkibidetik gero. Oporretara eramaten ditut, beste toki batean hasi eta beste liburu bat dela iruditzen zait. Argiaren eta espazioaren ezaugarriengatik. Gertatzen zait Hannah Arendt-en Giza baldintza-rekin, adibidez. Hasieran lanaren eta naturaren aferak erakarri ninduen bereziki. Azken garaian jotzen dut sarri eternitatearen eta hilezkortasunaren oharretara: «Hilezkortasunak esan nahi du denboraren iraupena, heriotzarik gabeko bizitza Lurrean», ez hiltzea, munduak jarraitzea eta gu ez hiltzea. Natura ez delako hiltzen, ezta Olinpoko jainkoak ere. Baina, halere, Olinpoko jainkoak ez dira eternalak. Asiako formek ekarri zuten Jainko ikusezina, eta batez ere denboraz, bizitzaz eta unibertsoaz haraindi zegoen Jainkoa. Alegia, Greziako jainkoak ziren anthropophyeis: gizakiaren natura eta formakoak.

Greziarrentzat hilezkortasuna zen gizakien bizitzaren aurrean zegoen kontrasterik handiena. Hilkorrak ikusten zuen natura eta jainkoak ez zirela hiltzen. Hilkorren «handitasuna» zen gauzak ekoizteko gaitasuna zutela (lana, ekintzak, hitzak) eta gauza horietako askok beren bizitzen ostean jarraitzen zutela. Azkenerako dena bihur zitekeen hilezkor gizakiak izan ezik. Greziako onenak ziren «ospe hilezkorra gauza hilkorren gainetik nahiago zutenak», horiek ziren benetan gizatiarrak.

Aldaketa jazo zen eternitatearen etorrerarekin, «politikoki hitz eginda, hiltzea baldin bada 'bizidunen artean egoteari uztea', eternitatearen esperientzia heriotza moduko bat da, ezberdintzen duen bakarra da benetako heriotzarik ez dela amaieran».

Datozkit pasarteok gerra parteen artean, «gerra oro jaiotzen baita bizitzaren gainetik dagoena kontsideratuz». Baina Derridaren kezka hura, gerra nuklearrarena, ez da gaur artisten kezka, denona behar du. Zeren gerra atomikoaren beldurra ez da heriotzaren beldurra. Da liburutegien amaieraren hipotesia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.