Kattalin Miner.
LARREPETIT

Gogoangarri

2015eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Kuriosoa da, memoria oso txarra dugunontzat, nola burua benaz selektiboa bilakatzen den oroitzapenekin. Nola ez naizen akordatu ere egiten 2001eko irailaren 11 horretan non demonio nengoen, baina bai ordea, 1998ko uztailaren 15ean, amak egunkari bat itxi zutela azaltzeko senperrenak egiten zituen hartan. Kuriosoa da, nola ez naizen akordatu ere egiten Espainiako selekzioak munduko kopa ditxosozkoa irabazi zuenean (eta eskerrak), eta iltzatuta dudan 2009ko martxoaren 31n (eta hurrengo bost egunetan), gure orduko alkateak herritik eraman zituzten zortzi gazteak ondo zeudela, eutsiko ziotela, behin eta berriro errepikatzen zigun artean.

Gogoratzen ditut torturak utzitako aurpegiak, gorputzak, testigantzak. Gogoratzen ditut, lagun batek epailearen aurrean oraindik humanismo apur bat topatzeko esperantzaz alferrik kontatu zituenak.

Eta atzo irakurri nuen, nola istorio beldurgarri horien sortzaileak, hau da, Baltasar Garzonek, alderdi politikoak ixten iaioa den horrek, alderdi propio bat sortzeko intentzioa duen. Hainbeste min eta tortura, agindu, onartu eta mantendu dituen pertsona berak, txikitutako zientoka bizitza eta gorputz aurretik pasatzen ikusi eta aurrera egin duenak, Espainia gobernatu nahi du.

Bada, pentsatu dut hark ere memoriari astindu pare bat eman behar liokeela. Hain zuzen, akordatzeko, egunkariak eta irratiak ditugula oraindik gure herri honetan, gazte mugimendu indartsu bat, alderdi politikoei bozka egiteko aukera. Ezer konkistatzera joan aurretik, Baltasar jaunak akordatu behar luke kolpeak ematen aditua dela, baina partidak irabazi, ez dituela irabazten.

Eta gu, bestalde, oraindik memorian ahaztuko ez ditugun egun gogoangarriak bizitzeko prest gaudela, berak eragindako minetik azkeneko kartzela zuloa utzi eta irabaztera etorri garela gogoratzeko dugun eguna hain zuzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.