Badut lagun erizain bat—noizbait hitz egin dizut hari buruz— herriko osasun zentroan ikusten duena ikerketa soziologikoen mailara jasotzen duena. Lagunak eman duen azken baieztapen borobil eta hanpatua izan da lodia egotearena jende pobrearen gauza izanen dela etorkizunean. Berehala zehaztu dit zergatik.
Janari azkarra aipatzen digutenean beti izaten ditugu burutan Amerikako Estatu Batuak eta bertan janari mota horren gehiegizko zabalpena dela-eta dauzkaten loditasun arazoak. Nolanahi ere, hemen ere gero eta denbora gutxiago dugunez otorduak prestatzeko eta eguneroko erosketaren ordez astean behin edo hilabetean behin joaten garenez hipermerkatura erosketak egitera, badirudi—poliki, baina aldi berean, nabarmen— gure jateko ohiturak aldatzen ari direla; jakina, txarrerako.
Erizainak esan dit sumatzen dutela gizartean hobekien kokatuta daudenak direla hobekien jaten dutenak, hain zuzen ez dituztelako gehiegi maite azukrea, gatza eta gantza dituzten elikagaiak. Badirudi kontzientzi handiagoa dutela jaten dutenari buruz eta saiatuagoak direla kirola egiten. Esan liteke gure dieta gizartean dugun tokiaren adierazleetako bat dela eta «bio» eta «eco» produktuak erosten dituztenek egoera sozio-ekonomiko onean daudela.
Carrefourren iragarkiak omen dira gertatzen ari den adierazle garbia. Garai batean bere prezio merkeak nabarmendu nahi izaten zituen, baina, egun, erabateko aldaketa egin du bere publizitate- estrategian —ezin baitu lehiatu produktu merkeak saltzen dituzten beste kate batzuekin— eta bestelako pertsonak ageri dira bere iragarkietan: baratzean produktu zuriak ekoizten duena, lankide zeliakoez akordatzen dena, produktu ekologien zalea, Carrefourren esku-orriak berrerabiltzen dituena, erosketak egitera gurditxoarekin joaten dena… Askoz ere jende «sofistikatuagoa» eta arduratuagoa jaten duenarekin, eta, noski, janari azkarra eta merkea erosiko ez lukeena sekula.
Larrepetit
Gozo-bonba
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu