Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Hagintarien hizkuntza eskakizunak

2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Azer desastrea Espainia! Zer da, doan tokira doala, eta hautatzen den presidentea hautatuta, barregarrikeria etengabeko hau. Badoa Rajoy Bruselara eta Cameronekin ari dela, lasai ederrean: «it's very difficult todo esto». Etxalarko organujolearen bilobak ere motza ingelesa, baina zertarako gehiago, Texaseko ebakera zoragarria tarteko, ikusi genuen, inolako arazorik ez Blairrekin eta Bushekin bikain moldatzeko. Rodriguez Zapaterok xume aitortzen zuen ingelesez erantzuteko eskatu ohi ziotenetan, «solo hablo español». Horrelakoak hamaika, Europaren ondasunez mintzo zaizkigula. Eta ez ditzagun hizpidera ekarri hagin artean dituzten lurraldeetako hizkuntzak. Gero, jakina, ateratzen dira Puigdemonten irudiak edozereraz kazetari atzerritarrekin ari dela, edo Gabriel, edo Junqueras, edo Romeva, eta dena da halako alderatze bihozgabea...

Etxean, Rajoy eta enparauekin baino okerrago dago hizkuntzen zera hau goi politikarien artean. Ez da ingelesa edo frantsesa ez jakitea, ez da euskara ikasten ari dena estu hartzea, tristeagoa da dena, eta neurri berean, amorragarriagoa. Adibideak zientoka daude, baina bat aukeratzen hasita, hona Izaskun Bilbaoren hau Twitterren, apirilaren lehenean: «Inork kartzelara beraien ideiak defendatzeagatik dio @andoniortuzar denak etxean! 155gaz ez dogu jokatu aniztasunaren mehatsua delako». Sic.

Sinesten lanak dituen adierazpena, ama hizkuntzan ari den goi mailako politikari batek idatziz emana. Tristea, eta are amorragarriagoa ez delako kasu bakarra Bilbaorena, ez delako haren alderdiaren usadioa soilik. Euskara ikasten ari direnak datozkit gogora, agiriaren atzetik dabiltzan langile horiek guztiak, zer pentsatuko duten zirko hau ikusita: hor dabiltza gorritzeke gure Bilbao guztiak, inori hagintzen diotena berak betetzeko gai ez direla...

Baina bai, a zer desastrea Espainia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.