Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Han

2016ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Iazko irailaren 27ak han harrapatu gintuen. Bizitzari eskerrak eman izan dizkiot han egoteko aukera emateagatik. Amets gaiztoetatik esnatzen naizenean, ordea, konturatzen naiz, nahiago nukeela sekula haraino iritsi ez banintz. Han ez dago ezer, eta pentsatzekoa da duela berrogeita bat urte ere, han ez zegoela ezer.

Imajina dezaket hogeita gutxi urteko mutil gaztea, eskuak lotuta, blindatutako furgoi ilun batean nola eraman zuten. Eta urdaila nahasten didate Cerdanyolako herrigunetik hilerriraino dauden bihurguneek. Hogeita gutxi urteko mutil gaztea furgoian, bere azken agurra bezperan idatzi eta biharamunean, azken egunsentia ikusteko aukerarik emango zioten jakin gabe: bihurgune bat, hiru bihurgune, bost, zortzi...

Hilerrirainoko bidea nahikoa ez, eta, oraindik harago eraman zuten hiltzera. Nire buruak behin eta berriro erreproduzitu du hogeita gutxi urteko mutil gazte hura, trokan gora goardiaz inguraturik, sastraka artean bide eginez, azken pausoak ematen ari zela jakinda. Pentsatzen dut han gelditzeko aginduko ziotela. Han. Basoaren barruko soilgune hartan. Han. Naturak zuhaitzik eta sasirik gabeko biribil bat gordetzen duen lekuan. Han. Hodeiertza ikusten ez den lekuan. Han. Euskal Herritik urrun. Han. Inondik hurbil. Han. Segurantziaz non zegoen ez zekien lekuan. Han.

Han jarri zuten egurrezko tantaia mutil gaztea lotzeko: ezerezaren erdian, inonezaren erdian. Eta hantxe bertan egin zioten tiro.

Ez dago hiltzeko leku egokirik. Ez dago inork hil ondoren ziplo erortzeko atrezzo perfekturik. Eta han, Joan Paredes Manot hil zuten lekuan, barrua estutu egin zitzaidan. Han, berrogeita bat urte beranduago ere, norbaitek loreak jartzen ditu. Han ikusten da, badagoela zulo beltz bat barkamena emango diguten edo ez erabaki ezinik dabiltzanen memorian: han, basoaren erdian, iragana lurperatu nahi, baina lurperatu ezin duten lekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.