Ander Perez Argote

Haragia

2024ko otsailaren 2a
05:00
Entzun

Ez dakizu gimnasioetako ispiluen kontra ala alde zauden. Konturatu zara pisuak altxatzen baino denbora gehiago ematen dutela askok gimnasioko ispiluei begira. Lehen bulkadan, irudiaren diktadurari eta fisikoaren kanonei botako zenieke errua, eta arrazoiz. Baina irakurri nahi izan duzu bestela ere: mutil gazteak dira ispiluari begira dabiltzan gehienak. Bular biluzia dute askok, eta taldean ari dira, aurpegi serio eta pose esajeratuekin, bai, baina adarjotze eta mespretxu zantzurik gabe. Elkarri seinalatzen dizkiete gorputzeko atalak, tarteka elkar ukitu ere. Eta buruari bizikleta estatikoari adina buelta eman arren, ez dakizu maskulinitate klasiko baten deseraikitzerik ote dagoen hor, ala are indartze basatiago bat. Badakizuna da zuk, nerabe garaietan, ez zenukeela lagunekin halakorik egingo, marikoikerietan aritzeko arriskurik sentitu gabe.

Gero pentsatu duzu, akaso, gimnasioko gazte horientzat ere litzatekeela afeminatua, maneratsua edo homoerotikoa (sic, sic eta sic) Sevillako aste santuko karteleko Jesu Kristo. Kostatu zaizu sortu den zalaparta ulertzea, arazoa afixari darion «subtestu gay-a» dela irakurri arte. Eta kontua ez omen da erdi biluzik agertzen dela —esango didazu bada zenbatetan ikusi duzun zuk Jesus jantzita—, mutilaren gehiegizko edertasuna baizik. Elizan baten bat seduzituta sentitu dela esango zenuke.

Pasatuko dira milaka urte, eta oraindik ez dugu jakingo gizon heterook haragiarekin zer egin. Segituko dugu gorputza ispilu aurrean zizelkatzen, norberarentzat nahi dugun edertasuna bestearengan ikustea ebitatuz, ez gaitzan kasualitatez pittin bat ere erakarri, ez gaitzaten, inolaz ere, ez garena izateaz akusatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.