Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Haurtzaroaren kontra (eta alde)

2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Susan Sontag-entzat bere haurtzaroa «kartzela zigor luze bat» izan zen eta ahal izan zuenean ihes egin zuen. Miresten zituen idazleen eta intelektualen mundura joan nahi zuen. Eta gainera uste zuen lortuko zuela amesten zuen bizitza izatea. Txikitan uste zuen «aspirazioak dauzkanak bere gaztetako helburuak lortzen ez baditu [dela] errenditu delako». Eta Sontagek erabaki zuen ez errenditzea, Malevitxen Zalditeria gorriak bezala beti lauhazka: hamabost urterekin graduatu zen institutuan, hamaseirekin sartu unibertsitatean, hamazazpirekin ezkondu bera baino 11 urte zaharragoa zen soziologia irakaslearekin eta urte eta erdira semeaz erditu. Bere bikotean pasiorik ez, eta hogeita seirekin bereizi zen: zazpi urteko semearekin New Yorkera alde egin zuen. Bidea hutsetik hasi nahi zuen eta ez zuen bikotekide ohiaren pentsioa onartu. Hogeita hamarrekin bere lehenengo eleberria liburu dendetan zegoen, eta martxan zeuzkan ospetsu egingo zuten saiakerak (hogeita hamahirurekin: Interpretazioaren kontra).

Mason Curreyk nabarmentzen du Sontagen obrak bere «energia amaigabearekin» duela zerikusia: «New Yorken oina jarri zuen unetik liburu guztiak irakurri nahi izan zituen, film guztiak ikusi, festa guztietara joan eta solasaldi guztietan parte hartu». Bere lagun batek, Sontag hildakoan, esan zuen «egunean liburu bakarra irakurtzea gutxi iruditzen zitzaiola» Sontagi. Bere semeak ere gauza bera idatzi zuen: «Ez zegoen ezer ez zuena ikusi, egin ala ezagutu nahi».

1970eko eguneroko batean Sontagek berak onartzen zuen: «Nahi dudana da: energia, energia, energia. Utzi noblezia, baretasuna, jakituria nahi izateari, ergelak!» Kaosa, ziurgabetasuna, mundua ulertzeke geratzen zaizula, pasio erabatekoa joko txikienean: izan daitezke haurtzaroa definitzeko moduak. Eta, ordea, Sontagek haurtzarotik alde eginda haurtzaro berri bat eraiki zuen, gaztelu batetik bestera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.