Urteak itxita daramatzan Weddingo igerileku publikoan sartu ginen erakusketa bat ikustera. Garai batean aldagelak izandako espazioan hainbat super 8 proiektore zeuden martxan. Lauza zurien gainean dir-dir egiten zuen argiak, irudien mamuak, digitalari falta zaion egitura eta zaratarekin dantzan. Nik ez dut super 8 formatuko emultsiotan finkatutako haurtzarorik, eta ez zen teknologia zaharkitua izan umetako imajinetara jaurti ninduena. Espazioa birziklatuta, bere jatorrizko izaeraren gainean berria eraikita zegoen. Baina igerilekuaren arima sartu zitzaidan gorputzean, eta atzerantz eraman ninduen, umetako igerileku mitikoko usainak eta hotsak sentiaraziz. Lauza hotz bustiak oinazpian, orraziari desafio egingo dion ile nahasia lehorgailuaren azpian, ezpain moreen dardara geratu ezina, atzamar zimurtuek eusten duten txorizo ogitartekoaren zaporea.
Artean bueltako bidaia guztiz egin gabe nagoela, lurrean dagoen kuxin batean gainean eserita, Avatar filma bi minutuan ikusteko betaurrekoak jarri dizkidate eskuetan. Proiektoreak arazoak ditu pelikula hartzeko, eta niri auzi teknikoa ongi datorkit orainerako jauzia egiteko, arnasa bere onera ekartzeko. Makinak ez du amore ematen, birentzako zinemako arduradunak etsi egiten du, eta gutxienez chupa-chups bat hartzea eskaintzen digu. Aurreko jet lag-etik atseden hartu gabe, laranjazko karamelua ahoan sartu eta berriro ere denboraren labirintoan nago bueltaka!
Ez dira horren sarriak izaten haurtzaroa gogora ekartzen duten momentuak. Une labur batez iragana bizigarri egiten zaigunean, espaziontzi batean Saturnora bidali bagintuzte bezala sentitzen gara. Baina urrutiko Saturno hori, gure barnean bizi den planeta preziatua da. Bidaia hauek ez ditu inongo nasako, inongo aireportuko ahotsak iragartzen. Oharkabean hartzen gaitu oroimenak bere menpean, haurtzaroko artxiboen lurraldera.
Larrepetit
Haurtzarora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu