Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Hilabeterako eginkizunak

2012ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Eskerrak garaiz abisatu diguten. Hilabete pasea daukagu oraindik behingoagatik gure itxuraz serio arduratu eta egin beharreko txukunketa guztiak egiteko: gertuko distantzietan presentzia beldurgarria duten ile horiek behin betirako kendu; aurpegiko azala garbitu eta leundu; gorputz osokoari astindu bat emateko ere aprobetxa liteke; azkazalek estimatuko dute errepasotxoren bat; beharbada ez da beranduegi bistan geratzen diren garatxoak desagerrarazteko, eta okerrago ez, hori guztia egin aurretik bistarena ere bideratzeko. Edo ondorenerako hobeto igual. Bista hobea onurak antzemateko akatsei erreparatzeko baino hobea baita. Hobea, emaitzaz gozatzeko, egin gabekoak zerrendatzeko baino.

Behin oinarrizko itxura paregabea lortuta, pelukeriara. Tindatu, moztu eta iragarkietarako moduko ilajea jarri, eguzkitako antiojo berriekin ondo datorrena. Edo pelukerei poz pixka bat emateko, «egidazu nahi duzuna». Behingoagatik.

Eta aldaketez luzitzeko, eta itxuraz aparte hain ikusgarri ez diren beste osagai batzuk ere mimatzea komeni denez, pare bat aldiz antzerkira eta beste pare bat aldiz zinera.

Hilabeteak luzea ematen du agendan, baina hainbeste eginbehar pilatuz gero, segituan gara irailean. Eta komeni da zein egunetan bizi garen jakitea, mendekua hartu nahi badugu. Iraila estreinatu baino lehen bukatzea komeni da. Bukatu, dena.

Ministroak nola zerrendatu dituen entzunda, zerga igoera zorrotzenek zein jarduerari eragingo dieten ikusita, mezuak argia dirudi: zaindu zure itxura, jarri ahalik eta ederren, begiratu ondo eta erosi antiojoak ez badituzu aldaketak ongi ikusten, gozatu ikuskizunaz eta ikuskizunez, zeure buruarenaz aparte beste batzuek zuretzat egiten dituztenez. Eta hil.

Eta hori guztia, lehenbailehen. Zeren, irailerako uzten badituzu, zerga hirukoiztu egingo zaizu eta beti bezain itxura txarreko jarraituko duzu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.