Har dezagun Altsasuko gertaera soilik adibidetzat. Atxilotutako zazpi lagunez Espainiako egunkariek diote terrorista, eta euskaldunek, berriz, gazte. Euskaldunok diogu istilu ala gertakari; espainiarrek Guardia Zibilaren kontrako eraso, lintxamendu... Gertatua nola ikusten dugun, halaxe ahoratzen, papereratzen ditugu hitzak. Baina tira, hori denok dakizue, nik erran behar izan gabe ere...
Jar ditzagun bertze adibide batzuk, ariketatxoa zailtzearren. Demagun ikusi duzula idatzita Auzitegi Nazionala. Nork uste duzu erran izanen duela hitza? Bada, agian espainiarrek, ala agian euskaldunek... Eta demagun erraten dugula estatu. Zeinetaz ari gara: frantziar estatuaz? Espainiakoaz? Gureaz? Ez baita ezohikoa halakoak ikustea batere zehaztasunik gabe, nahiz eta, adibidez, auzitegia gure naziokoa ez bada zehaztu beharko genukeen Espainiako Auzitegi Nazionala dela. Estatuarekin berdin: frantsesaz ala espainiarraz aritzeko zergatik erraten dugu bertzerik gabe estatu, eta, aldiz, eraiki nahiko genukeen hortaz aritzeko aitzinetik beti euskal erantsita?
Har dezagun bertze adibide bat. Manifestaziora ala grebara deitu du herri mugimendu batek, eta protestari indarra emateko nazional gehitu dio eskuinean. Araka dezagun eduki eta aldarrikapenetan: zinez ari gara Euskal Herriko sei ala zazpi lurraldeez? Ala nazioaren zati batekoari bakarrik ari gatzaizkio deitzen nazional?
Eta zertaz ari gara, hitz egiten dugunean konstituzioaz, abertzaletasunaz, unionismoaz, independentziaz, gobernuaz? Azpi-izenik jartzen ez bazaio, testuingurua begiratu behar: noren ahotan, eta nola. Eta iruditzen zait ez ote den sintomatikoa hitz horien erabilera oker gehienetan ez-intentzionatua...
Niri behintzat duda existentziala eragiten dit kontuak: ez ote garen kontziente hitzek duten garrantziaz, edo ez ote dugun barneratua zer garen eta nora iritsi nahi dugun.
LARREPETIT
Hitzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu