Larrepetit. Garazi Goia

Iaz baino gutxiago

2011ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Urte berriaren hasierarekin, goizero erosten duen opila bost xentimo garestitu delako, kexuka dabil nire lankidea;kafea, berriz, hamar xentimo igo delako, haserre dago bestea. Batzuek Erresuma Batuko BEZaren igoerari botatzen dioten errua, besteek oinarrizko elikagaien salneurrien igoerari.

Dena delakoa ere, poltsikoan zuloa handiagotuz hasi dugu urtea. Urteko lehen egunetan giro ezkorra nabaritu dut ingurukoen artean, eta horretarako terapia oso eraginkorra da normalean kexuka hastea (beste gauza askorik egin ezin dugunean bederen). Marmarrean dabiltza nire inguruan: iaz garai honetan zegoen baino langabezia gehiago dagoelako; soldatak ez dizkigutelako igo baina hala ere lan gehiago egin beharko dugulako; Gobernuak iaz agindutako gauzen erdiak ez dituelako egingo; eguraldia inoiz baino hotzagoa delako eta gasaren fakturak iazkoen bikoitzak izango direlako; seme-alaben unibertsitateko matrikula tasak iaztik asko igo direlako.

Hainbeste gauza gaizki doazela dirudien honetan , zergatik ez gara denok hutsetik hasten berriro? Esan du erdi brometan nire lagun batek. Imajinatu konparazioak ezabatzeko gai ginela eta denok marra berdinetik ateratzen ginela lasterketara. Aurrera begira bakarrik. Konparazioak saihestea zaila da, ordea. Batzuetan konparazioek alde ilunaren argitasuna ikusteko balio badute ere, gure ezkutuko senak (edo batzuetan hain ezkutukoa ez dena ere) berekoiago egiten gaitu eta iluntasunaren belztasuna ateratzen zaigu alde guztietatik. Dena zerekin konparatzen dugun, horren arabera dago, baina ezinezkoa zaigu gure txarrena onena izan daitekeela pentsatzea.

Konparazioak konparazio, aurten ere behartsuak iaz baino txiroago izango dira, baina aberatsak oraindik boteretsuago egingo dira; munduan goseak daudenen kopurua handiagoa izango da, baina ondokoak bapo jaten ariko dira; bankariei hobariak emango zaizkie, baina langile arrunta borrokan ibiliko da bitartean; etab., etab., etab.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.