Ander Perez Argote

Inbertitu

2024ko otsailaren 9a
05:00
Entzun

Aurrezteko esan dizu Sarasate pasealekuko bankuko bulegariak, inbertitzeko, sartzeko hilabetero diru bat aurrezki funts batean, eta etekin baten jabe izango zarela urtebeteren buruan. Adibidea ere jarri dizu: sartuz gero 300 euro hilean, 3.600 izango duzu gordeta Lurrak eguzkiari bira osoa eman orduko, eta %3,15eko interes batekin, beste 113 euro opari. Hilabeteko alokairuaren laurdena ere ordaintzeko ez dizu emango pilatutako interesak, baina zeozer hobe, ezer ez baino. Hori ez dizu berak esan, hori zuk pentsatu duzu bulegotik atera eta behingoagatik bankutik zerbait irabazita atera zarela sentitzean.

Gero, handik ordu gutxitara, dirua fantasia bat dela entzun diozu podcast batean Hernan Diaz-en Fortuna eleberriko pasarte bat irakurri duen ahotsari. Dirua denok ontzat jo dugun fikzio bat dela entzun duzu, eta finantza kapitala —akzioak, baloreak, bonuak— fikzio baten fikzioa, ez dutelako balio errealik, eta, funtsean, «etorkizuneko balore baten promesa» besterik ez direlako.

Zulo bat duzu orain sakelean, eta ihesi doaz segurtasunak. Uste zenuena baino harago doa fikzioaren hedadura. Konturatu baitzara hala gabiltzala bestela ere, bankuko aurrezki kontuetan bezala harremanetan, proiektuetan, oposizioak prestatzeko ikasketa orduetan, inbertituz eta inbertituz, noizbait egia bihurtu dadin orain proiektu besterik ez dena.

Zer egin behar zaio ba, pentsatu duzu, akaso uko egin behar diogu etorkizunerako sendotasun batzuk irudikatze hutsari ere? Erraz da esaten «bizi momentua», baina hori esaten dizuten berak dira gure gurasoak baino okerrago biziko garen lehen belaunaldia garela esaten dizutenak. Eta dena ezin da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.