Inertziak

2010eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Aldaketek ez naute beldurtzen. Agian atzean utzitakoaren nostalgia, tamala eta ziurgabetasuna sentituko ditut, baina beldurrik ez. Ez dezagun ziurtasun eza beldurrarekin nahastu, batak bestea sor lezakeen arren burua ideia bakarrarekin ataskatzen bazaigu. Jendaurrean bertsoa bat-batean osatzeak, olatu baten hoditik irteteak edo penalti bat jaurtitzeak barne test bat suposatzen digu. Geure buruari egiten diogun epaiketaren emaitzak eman eta kentzen digu ziurtasuna, ez egoerak. Eta hori ikasiz gero, aldaketek ez dute inor beldurtzen. Beldurra soilik baita gure pentsamendua gorputzarena ez den denbora eta espazio batean proiektatzen dugunean sentitzen dugun bertigoa. Etorkizunean pentsatzeak beldurtzen gaitu, iragana analizatzeak legez. Sekula ez dugu beldurrik sentitzen gorputza eta burua orainaldian, errealitate posible bakarrean sinkronizatuta ditugunean. Tentsioa sentitzean adrenalinak agintzen digu zer egin, eta ez dago beldurrerako astirik.

Are gehiago, aldaketak beharrezkoak ditut bizirik sentitzeko. Aspaldi ulertu nuen urtaro bakarreko lekuak, betiko eguzkiak edo etengabeko zuhaitz berdeek nire autosuntsiketa azeleratu besterik ez luketela egingo. Bitez bizitza kontrolpean izatearen fikzioak lasaitzen dituenentzat paradisu tropikalak, sinkroniarik gabekoentzat .

Aldaketak, natura zein bere negatiboa den gizartean, lege unibertsal batzuk ditu, ordea. Ziklo bat amaitu eta hurrengoa hasiko da. Baina garrantzitsuena, ezerk garrantzirik badu, bien arteko hutsunea, huts unea da. Aurreko ziklotik hustu behar dugu, aurreiritzi eta ustez dakiguna ahaztu, berria ulertu, eta ondorioz lasaitu. Gure armairua metafora egokia izan liteke. Uda amaitu da eta gauetan freskatzen hasi da. Ezer ez baitator egunetik gauera. Ezta eguna eta gaua ere. Negurako prestatzeko lehen urratsa armairua udako arropaz hustea da. Bestela, negukoak sartzen hasten bagara udakoak atera aurretik, armairua saturatuko dugu. Nahastuta agertuko zaizkigu jantziak presa uneetan, larrien ibiltzeagatik eskura izatea premiazkoen egiten zaigun bizitzaren bidegurutzeetan.

Ziklo berri bat datorkigu, negua bezain gorria izango dena. Eta sortzen dabilen olatua kontrolatzeko fikzioa bizi dutenak bainujantzian ikusten ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.