Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Iraultzaren ajeak

2023ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Pancho Villaren Urtea aurten Mexikon. Halaxe ebatzi zuten legebiltzarrean iaz, eta Urteberri egunetik Urtezaharrera, gutuneria ofizial guztiak emango du inprimatua «2023, Francisco Villaren Urtea» idazpurua.

Bistan da, Villa ez da edonor Mexikoren historian. Bidelapurra iraultzaile bihurtuta, Iparreko Dibisioaren buru aritu zen. Eta hala, Zacatecaseko burrukan Huerta diktadorearen armada federala garaitu zuenetik, mexikarren memoria epikoan herrikotu zen. Geroagoan, galtzea fortunatu zitzaionean, Chihuahuan eta Durango aldean babestu eta handixek jo zuen Carranzaren tropen kontra. Hari ematen zioten laguntza zela eta, Columbusen ere sartu zen, Nuevo Mexikon. Estatu Batuak inbaditu dituen bakarra da oraindik ere. Propaganda ofizialak bandido deitu zion, baina jendearen ahotan bizi zen ordurako. Eta korridoetako pertsonaiei egokitzen zaien bezala, segada batean hil zuten, Hidalgo del Parralen. Aurten beteko dira ehun urte. Horregatik legebiltzarraren erabakia.

453 aldeko boz jaso zituen proposamenak, mutur batetik besterainoko diputatuenak, hain dago zabaldua eta onartua agintaritza makurraren aitzi jotzeko kuraia bildu zuen iraultzailearen izena. 14 izan ziren abstentzioak eta 4 kontra atera zirenak. Kasualitatea, emakumeak nagusi. Aldeko botoa eman ez zuten legebiltzarkideek (haren lorpen sozialen aldekoakguztiak) emakumeak bidegabeki hil eta bortxarazi izana leporatzen diote Villari.

Feminismoari esker idulkian kolokan jarri den beste pertsonaia sendo bat. Bat gehiago. Eta perspektiba historikoak hauetako bakoitza garaian garaiko jendartean kokatzen lagundu behar badigu ere, nahitaezkoa egin da, begirada kritikooi esker, gure iraganaren eta iragan horretako santutegi laikoaren errebisioa, ez orduan gertatua aldatzeko, ezpada oraina bera; ez ditzagun, ijiji-ajaja, injustiziaren kontrako borrokaren izenean bestelako zapalketa batzuk betikotu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.