Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Irudimenik gabeko normaltasuna

2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Ohiko bihurtu da azkenaldian jendarte distopikoa eta izurritearen ondorengoa iragartzen diguten eleberriak zerrendatzea, egungo egoerari lotzeko. Nik dakidala, inork ez du horrelakoetan Walter Ellisen Normal liburua aipatu. Ez da harritzekoa, idazle ingelesaren nobela askoz maila apalagokoa baita Orwellen, Huxleyren, Zamiatinen edo Bradburyren lanekin alderatuta —gutxi dira izen handi horien lanen mailari eusten ahal dioten idazleak—, baina merezi du liburua irakurtzea. Normal da ospitale psikiatriko baten izena, eta gaitz berezi batek jotako zientifikoak ospitaleratzen dituzte bertan: oso etorkizun beltza etorriko zaigula ulertzea da ikertzaileen dementziaren iturria. Bai, Walter Ellis irudimentsuaren umorezko istorioak badu lekua azkenaldiko zerrendetan.

Datu eztabaidaezina da Iruñeko alkatearen lanak ez direla inongo literatur zerrendatan agertuko. Informazio objektiboa da Maia ez dela irudimentsua. Baina, nahita edo nahigabe, alkateak etorkizuna iragarri zigun hauteskundeak irabazi berritan, esaldi bakarrean bildua: «Normaltasuna etorriko da, hiritarrek pertsona normalon gobernua nahi dutela adierazi baitute». Zer normaltasun ote zuen Maiak buruan? Ez du ematen osasuna bermatzeko distantzia sozialarekin zerikusirik zuenik. Dagoeneko, normaltasuna gehiegikerien bidez ezartzen dute poliziek, ahal dela, lekukorik izan gabe. Armada egun-pasan ekarri dute hiriko kale hutsetan normal-normal paseatzera. Iruñeko zenbait familiak gutxieneko baliabiderik gabe bizi behar izaten dute normalean. Hizkuntza anormala —bai, gogoan eta mingainean dugun hizkuntza arraro hori— Iruñeko haur eskoletatik desagerrarazteko urratsak abiatu dira, normalak Jainkoaren legez dagokion lehentasunezko tokia har dezan. Errebelarazteko moduko fundamentuzko arrazoiak dira normaltasun lagin horiek guziak. Berriak badu asko zahar batetik: ezin da bestela izan, irudimen falta dugunok kopiatu besterik ez baitakigu egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.