Larrepetit

Itxaropena

2011ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Etsipena, ametsik gabeko egoera zementatu hori, patxada hartuta zegoela zirudienean, txinparta atera da Ekialde Hurbilean. Eta mundu osoa haiei begira: liluraz, esango nuke, inbidiaz ia.

Prozesua oraindik ere puri-purian dagoela, gozagarrienak egin zaizkidan prentsa artikuluak lotura eta analisi historikoen ikuspegitik idatzitakoak izan dira. Adibidez, errebolta arabiarrak azken data erabakigarria 1989an duen dinamika historikoaren jarraipena ote diren galdetuz, eta ez 1979ko jazarraldi irandarraren errepikapena. Edo mugimendua Hungariako Altxamenduaren eta Pragako Udaberriaren ildoan kokatuz. Atzerago joanda, XVIII. mendeko Parisen matxinadei émotions populaires, herriaren sentimenduak, esaten zitzaiela gogoratuz.

Jazoera historikoen sare ikusezina bilbatu nahian, mutur solteak esku artean, karaktere inprimatuak begien aurrean: Sbrenika, 2001eko Irailak 11, Irakeko esku-sartzea, Abu Ghraib, Guantanamo, Finantza krisia, Globalizazioa, Europako demokrazien unadura, Ekialdeko Sahara, Interneteko komunikazio modu anarkikoa...

Norberak, bere lotura pertsonalenak egiteko joeran, eta diferentziak alde batera utziz, euskal gizartea ere ikusten du kalean, Bilboko Tahrir plazako itxaropen giroan.

Beste flash pribatu bat: aurtengo Berlinaleko quebectar filmean etorkizuneko mezulari bat agertzen da. Nolakoa da etorkizuna?, galdetzen dio protagonistak. Horren urrunetik ere ez nator, argitzen dio berri-emaileak. Sei hilabete atzera etorri naiz; udaberri polita izango duzue.

Irakurritakoen artean, Richard Rorty filosofo amerikarraren etorkizunari buruzko hau: gerra eta suntsiketaz gain, munduak itxaropena galdu eta etorkizunari bere lilura xahutzea litzatekeela gizateriari gerta dakiokeen txarrena. Bazirudien puntu horretara iritsiak ginela. Ba agian ez, diosku erreboltak arabiarrez, irudika dezagun etorkizun udaberritsua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.