Larrepetit

Izen propioak

Castillo Suarez.
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Zutabe bat baino gehiago merezi dute Altsasuko Arfe enpresako langileek. Ez zait gehiegi gustatzen duintasuna, egonarria, adorea, ausardia… bezalako adjektiboak erabiltzea, hanpatuegiak direlakoan, baina inondik ere ez daude soberan kasu honetan. Izan ere, 157 familia daude azkeneko bost hiletako soldatak kobratu gabe dituztenak —batez beste 6.000 eta 8.000 euro artean zor zaizkie— eta era guztietako aldarrikapenak egin dituzte beren egoeraren berri emateko: enpresan itxi dira, greba egin dute, goiz eta arratsaldez jarri dira pankarta baten atzean, Nafarroako Gobernura jo dute, Legebiltzarrera… Askok ezin dute egoera gehiago jasan eta despedituak izatea eskatuko dute; baliabideak dituztenek, berriz, borrokan jarraituko dute. Langileen orain arteko batasuna hautsi egin da egoerak behartuta.

Sakanakoa naiz ni, Nafarroako eskualderik industrialenetakoa eta, beraz, krisi honetan zigortuenetakoa. Eskualde honetan enpresa ekimena oso lotua egon da eskualdeari, eta bertako enpresariek eskualdean bertan eraiki dituzte beren enpresak, sakandarrei bertan lan eta bizitzeko aukera eman dietenak. Horietako bat Felipe Lezea izan zen, Arfe enpresako sortzailea, bere emaztea zenaren omenez Josefina Arregui klinika psikogeriatrikoa zabaldu zuena Altsasun buruko gaitzak —besteak beste, alzheimerra— dituzten adinduak artatzeko. Felipe Lezearen lekukoa hartu du Ramon Arzak, lehendabizikoaren senitartekoak, sakandar askorengan hira bizia sorrarazten duen enpresariak, langileei erakusten dizkien destaina dela-eta —gehiago ez esateagatik—. Entzungor egin die langileen eskakizunei zein Nafarroako Gobernukoei eta desagertua dago arazoak hasi zirenetik. Duela gutxi harremanetan jarri ziren nirekin Felipe Lezearen omenezko ekimen bat egin nahi zutelako hainbat lagunek hark egindako lana eskertzeko. Langileei dagokiena ematea litzateke egin dakiokeen omenaldirik onena, pentsatu nuen neure artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.