Ahaidetasunaren Antropologiak berebiziko garrantzia ematen dio familiako kideak izendatzeko erabiltzen dugun terminologiari. Izan ere, nolako kultura eta nolako ahaidetasun sistema, halakoak izanen dira familiako kideak izendatzeko erabiliko ditugun kontzeptuak ere. Errate baterako, euskaldunok amaren ahizpari eta aitaren arrebari izeba deitzen diegu; biei berdin, alegia. Bertze gizarte batzuetan, ordea, ezberdin deituko diete alde bateko zein bertzeko izebei. Hori ez da hizkuntzaren berezitasun soila, ordea: familia egitura bera islatzen du. Izan ere, guretzat izeba guztiak (egituraz) berdinak direla erakusten du (guztiak dira izeba), eta bertze batzuentzat, berriz, ez.
Lewis Henry Morgan XIX. mendeko antropologoak irokesen ahaidetasun sistema ikertzerakoan erreparatu zion horri. Izan ere, Ipar Amerikako kultura horretan amari eta amaren ahizpei ama izendapena ematen diete. Halaber, ama horien guztien seme-alabak —guretzat lehengusu liratekeenak— anai-arreba dira haientzako. Friedrich Engels marxistak Morganen teoriak hartu eta garatu egin zituen, eta terminologia hori gizarte ez-monogamo eta berdinzaleago baten erakusle zela ondorioztatu zuen, ez baitu hainbertze inporta zein den biologikoki norberaren ama.
Teoria horren aldagai batzuek hutsuneak izango bazituzten ere, terminologiaren garrantziak bere horretan dirau. Eta zentzu horretan, txalotzekoa da Euskaltzaindiak orain hilabete hasitako aldaketa. Izan ere, aitaginarreba, errain eta halako familia izenen definizioetan aldaketak txertatu baititu, bikote homosexualentzat ere balio dezaten. Errate baterako, errain-en definizioan semearen emaztea ez ezik, alabaren emaztea ere agertzen da orain. «Gizartea aldatuz doan bezala, forma horien definizioak ere aldatu» egin direla zioen Euskaltzaindiak. Ea kontrako norabidean ere definizioak zabaltzeak alda dezakeen gizartea.
LARREPETIT
Izendapenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu