Iñigo Aranbarri.

Izua muinean

2024ko otsailaren 18a
05:00
Entzun

Bi omen dira mundua mugiarazten duten indarrak: maitasuna eta beldurra. Bestela esanda, grinak garamatza batetik, jaiera biziak, zerbaiten parte bagarela sentitzeko bulkadak. Horregatik esan ohi da ez dela gorrotoa amodioaren ifrentzua, beldurra baizik, azken beltzean, hainbeste kostatutako hori galtzeko izua.

Eta nork eragin, beti dago. Orain urtebete, sinetsia genuen Putinek, Ukrainako zaputza ezin onartuta, bonba nuklearra jaurtita amaituko zela gure mundualdia. Gero, egunero begiak zabalik itzartzen ginela ikusita, eta Gaza albistegietan, lasaiago hasi ginen oheratzen. Deabrua da lorik egiten ez duena, baina. Pistorius alemaniar defentsa ministroak gaztigatu digu: «Bost-zortzi urteko tartean, gerra izango da Europaren eta Errusiaren artean». Gisa berean mintzatu da Suediakoa. Eta haien orpotik Erresuma Batukoa, prest egon behar omen dugu, gerra segurua da.

Serio hartzeko abisuak guztiak, kontuan hartuta oraintsu Errusia azkenetan zegoela esan diguten berak direla borrokara deitzen gaituztenak. Traketsak agian etorkizuna iragartzen, baina aski abilak aurrekontu militarrak gizenarazten. Beldurra kudeatuta egiten dira negozioak hemen. Eta argi Trumpekin, hark irabaztera kontinente zaharra AEBen babesik gabe utziko baitu. Sineste kontua da dena. Baina ezarian, gero eta zailagoa jartzen ari zaigu fedea baino eskatzen ez diguten teoriei aurre egitea.

Emadazu zure askatasuna eta nik babestuko zaitut. Ospitalea ala misila, aukeratu beharra duzu, dena ezin da. Ohoin handia baita beldur saltzailea. Hain handia non izua muineratu diguten, zalantzan jartzeraino ea merezi ote duen ezer maitatzea, iragana bera utopia bihurtzeraino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.