Larrepetit. Urtzi Urrutikoetxea

Juba-Amaiur

2011ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Juban egon nahi nuen gaur, duela hiru urte Kosovon bizitakoaren antzekorik bizitzeko. Sarri esan dut: arrastiko hiruretan Pristina, Parlamentuak independentzia aldarrikatzen duen unean, bi gizon besarkatzen, urteetako sufrimenduaren amaiera besarkada batean bilduta. Horixe Kosovoko independentzia egunetik geratu zaidan irudia. Hegoaldeko beltzek argi utzi zieten arabiarrei: ezin genuen elkarrekin bizi, eta bagoaz gure herri independentea eraikitzera. Arabiar nazionalismoaren porrota ez da denen gustuko izango. Aspaldi esan nuen inperialismoek funtsean beti dutela herri txikien ukazioa, Washingtonen, Moskun zein Bagdaden. Eta esanguratsua, datozen egunetan independentziaren alde egingo duten afrikarrek ez daukatela berezko izenik jaiotzear den estaturako. «Hego Sudanek» zatiketa gogoraraziko du halabeharrez. Baina garrantzitsuena xariaz eta arabiar zapalkuntzaz libratzea zen. Kosovon garrantzitsuena serbiar zapalkuntzatik libratzea zuten legez. Euskal Herriak geroz eta argiago dauka munduko paria bihurtzen ari den Espainiatik libratu behar duela, baina inoren aurkako argumentua baino indartsuagoa dugu euskaldunok estatua behar dugula gure hizkuntzan bizitzeko.

Horretarako urratsak egiten ari garela uste gura dut. Atzo Bilbon, behingoan presoak konponbidearen abiapuntuan jarri dira. Gauza bat da haren ondorio direla esatea, eta beste bat eztabaida politikotik baztertzea, azkenerako uztea, noiz eta, konponbidea hizpide denean eta mahai gainean egonik. Baina ilusioak errealitate gordinagoa utzi du agerian. Espainiaren bermea euskal zatiketa da, estatuak ondo daki independentziarako urrats bat nahikoa dela, autodeterminazioa erreferendumean egikaritzea. Baina Euskal Herria zatituta eta ukatuta dagoen bitartean, batzeko urratsak beharko du ezinbesteko. Zilegiak izan daitezke mesfidantzak, iragan hurbilarekiko haserreak. Gero ere haserretuko gara, 2012tik aurrera. Baina UPN kanpoan uzteko aukera bakarra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.