Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Klemperer gurean

2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Garai batean, garbi irudikatu izan du hiztunak zer den tortura. Tortura polizia-etxeetan eragin ohi den oinazeztatze sadikoa da, Harkaitz Canok Twist nobelan, lehenago Mario Benedittik-eta egin bezala, torturatua mendean dutenen aldetik antzezpenetik asko duena. Edozein administraziorentzat salaketa itsusia izanik gorputz hebainduena, beharrezkotzat jo zen, baina, buru ematea. Eta halaxe egin zen. Nola? Hasieran, egiten zen salaketa oro ukatuz, eta ohartu zirenean, kukuarena eginez. Hala ekin zioten hedabide nagusiek hitzetik hortzera erabiltzeari, ez ordura arteko esanahian. Hitzaren mudantza etengabekoan, tortura beste zerbait zen, izan bahituaren zuloaldia edota poliziek eremu komantxean jasaniko presioa. Kontua hitza desitxuratzea zen, era batera edo bestera, esan nahi zuena esan ez zezan. Bitartekoak, bazeuden. Eta ekin eta ekin, hala lortu zen torturarena ia arlo pribatura baztertzea... harik eta Paco Etxeberria forentsea hiztegiarekin heldu zen arte.

Hirugarren Reicheko hizkera aztertzea izan zuen helburu Victor Klemperer irakasleak. Nazismoa, dio, hitz bakan eta isolatuen bidez sartu zen jendartean, esaldi eta joskera jakin batzuk errepikatzearen errepikatzeaz egin zituen jendeak bere, era mekanikoan egin ere, ohartu gabe. Hizkerak gure ordez pentsatzen du, gure ordez mintzo da. Eta bera da gure izaera eta gure emozioak gidatzen dituena, are naturalago zenbat eta inkontzienteagoak izan gu.

Egunotakoa da hitza. Terrorismoak ez du dagoeneko pistolekin eta bonbekin zerikusirik. Taberna bateko goizaldeko xextra izan liteke, edo autopista bateko barrerak zabaltzea. Ez edonork, ez edonon. Jihadismoaren aitzakian zerturiko lege aldaketekin, gobernuaren kontrako edozein protesta da terrorismoa egun. Esan gabe doa, hitzen jabea dena izango da boterearena.

Eskubide zibilen gaineko borroka ez ezik, hizkerarena ere bada oraingo hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.