Larrepetit

Komunikazioa

2011ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Astelehen gauean ohera sartu aurretik zutabea bidaltzeko nengoen. Ahizpari ematen ohi diot beti aldez aurretik irakurtzeko. Skype piztu dut berarekin zutabea arin-arin komentatu, bidali eta berehala ohera joateko asmoz. Oso lo gutxi egin dut bart, goiz esnatu naiz, egun osoa eman dut etxetik kanpo, bueltan ordenagailua piztu dut, baina ez dut egunkaria irakurtzeko tarterik hartu, arratsaldean lagun batek kontatu didanaren inguruan idatzi dut zutabea. Ez hau, ahizpak irakurri duena baizik.

Ahizpak skypetik: Uste nuen komunikatuaz izango zela! Eta nik: Komunikatua egon da? Berak: Bai! Mezua idatzi dizut lehen, eguerdian! Ba, mezu hori ez zait heldu. Izan ere, posta elektronikoa bai, hori bai begiratu dut etxera heldu naizenean. Mezu piloa nuen, eta batzei erantzun ere egin diet. Eta orain zer? Komunikatuaz idatzi behar da?

Ba, orain ezin dut. Itxaroten egon gara, iragarrita zegoen bazetorrela, arduratzen ere hasi ginen postura egin genuen egunerako ezer gertatu ez zelako. Erabakitzen ari ote ziren oraindik? Egia ote zen komunikatua egongo zela? Eta zer esango zuten? Esan bezala, egun batzuez arduratuta ibili eta gero, berriz zokoratu genuen gaia buruan. Horretan trebatu gara behintzat.

Niri inguruarekin komunikazioa izateko gaitasunik ez dudan egun honetan, berandu, lo faltan eta bihar ere oso goiz altxatu beharrez, prestatua nuen zutabea bidaltzeko barne-blokeoa sentitu dut. Zalantza sortu zait gutxienez. Komunikatua egonik, beste ezeri buruz idatz daiteke? Edo gustu txarrekoa da? Ez zait inoiz gertatu beste edozein gertakarirekin.

Egun osoa nire gauzetan eman dudanez, jakin dudanerako beranduegi da gaiari bueltak ematen hasteko; orain ez dut gogorik detaileei begira jartzeko, erantzunak aztertzeko... Beti ez dira gauzak gertatzen bati ondo datorkionean. Denborak dimentsio pertsonal bat dauka, eta, noski, beste dimentsio kolektibo bat, datorrenari begira jarri behar duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.