Ander Perez Argote

Konpentsatu

2024ko martxoaren 1a
05:00
Entzun

Aurtengoa bisurtea dela gogorarazi zizun atzoko egunak. Egutegiari egindako tranpa txikia zuritzera etorri da beste behin otsailaren hogeita bederatzigarrena. Behin eman zizuten azalpena: Lurrak 365 egun eta ia sei ordu behar izaten ditu eguzkiari bira emateko, baina 365 egunetara iristerakoan ebaki ohi dugu urtea, buelta osorako behar diren beste sei ordu horiei aukerarik eman gabe. Eta hortaz, lau urteetako sei ordu horiek elkartu, eta egun bat opari ematen diogu urteari lautan behin, ordura arte lapurtutako denbora konpentsatzeko.

Pentsatu duzu, trukean, munduak ere eman ziezagukeela guri egun bat opari, azken lau urteetan egindakoak konpentsatzeko. Egun bat, demagun, atmosferara gasik ez isurtzeko, kontsumoa gelditu, autoak parkingetan utzi eta azken lau urteetan moztutako adina zuhaitz berri landatzeko. Baina munduak ez gaitu ezagutzen: egun bat gehiago utziz gero, are gehiago hondatuko genuke.

Beraz, espeziean konfiantza galduta, aukera behintzat indibiduoari eman beharko litzaiokeela otu zaizu. Egun bat denentzat, egun bat norberarentzat, azken lau urteetako hutsak zuzendu eta konpentsatzeko. Gure betiko mantra da: iraganera itzuli eta akatsak konpondu, ezberdina izan dadin geroa.

Baina atzera egitea ezinezkoa dela jakinda galdetzen diogu elkarri atzera egiterik bazenu, zer aldatuko zenuke? Erosoago sentitzen garelako fikzioaren eremuan, idealizazioari bide emanez, eta bizitza perfektua irudikatuz. Gehiago beldurtuko gintuzke errealitatean aukera hori izateak. Jakinda gaur nahi duguna bihar agian ezetz. Etengabe ibili beharko genuke aurrekoa konpentsatzen. Eta munduak ez digu horretarako aukerarik ematen, ezta lau urtean behin ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.