Larrepetit

Kutxa

Castillo Suarez.
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Bada telebistan saio bat ikaragarrizko audientzia duena: Kutxa. Saio horretan telebista programa bateko kolaboratzaileak kutxa batean sartzen dituzte, eta jaio zirenetik gaur egunera arte beren bizitzari buruzko galderak egiten dizkiete. Bitartean, haien argazkiak eta beren bizitzan adierazgarriak izan diren kantuak jartzen dizkiete. Esperientzia psiko-ikus-entzunezko gisa definitzen dute.

Ez galdetu ea ez dudan plan hoberik ostiraletan programa hori ikustea baino. Ez galdetu kutxan sartu zirenen pasarte zoriontsu edo atseginei buruz. Ez naiz akordatzen. Telebista saio hori ikusi dudanean gogoan geratu zaizkidanak pasarterik ankerrenak eta latzenak dira, hain zuzen, horiek direlako gehien nabarmentzen dituztenak. Baten kasuan senarrak jo egiten zuen, besteak aita faxista hutsa zuen, beste hark gurasoek ez zuten maite, beste horrek hanka-sartze profesional ikaragarria izan zuen...

Emaitza antzekoa da gehienean: denok Gremlin bat dugunez gure baitan, gure iraganean izandako esperientzia txarrek justifikatzen deute Gremlin hori tarteka azaleratzea. Guk bizitakoak justifikatzen du gure egungo jokabidea, nonbait.

Bitxia da zenbat interesatzen zaigun besteon bizitzako alde iluna ezagutzea eta, aitzitik, zeinen gutxitan agertzen ditugun gustuko ez ditugun gure alderdiak. Facebook horren adibide garbia da. Oso ongi hautatzen ditugu bertan jartzen ditugun argazkiak eta ez ditugu plazaratzen itsusi gauden horiek. Plan interesgarriak ditugunean ematen dugu horien berri, baina ez dugu ezer idazten norekin egon ez badugu.

Beste ni bat sortzen dugu, gure benetako irudia baino askoz ere erakargarriagoa dena. Ez dugu Facebook bidez plazaratzen bikotea eta biok bereizi egin garela, baina bai gure semea edo alaba izanen denaren ekografia. Kontua da maiz ez garela jabetzen besteek ere gauza bera egiten dutela, eta haiek ere ez dutela aditzera ematen duten bezain bizitza interesgarria. Haiei ere Gremlina ateratzen zaie beren baitatik, tarteka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.