Lagunik ez

Castillo Suarez.
2010eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Natalia Ginzburg idazlea ez zen eskolara joan bere aitak esaten zuelako eskola publikoak gaixotasunak hartzeko tokiak zirela -nonbait garrantzi handia ematen zion gizon hark osasun fisikoari, baina batere ez osasun mentalari-. Nataliaren anai-arrebak zaharragoak zirenez, maiz bakarrik egoten zen. Agian bakardade horren eraginez okerreko ideiak sortu zitzaizkion; esate baterako: eskolara joaten zirenak pobreak zirela eta aberatsei irakaslea joaten zitzaiela etxera. Hortaz, Nataliak atera zuen ondorioa zen aberatsak zirela, baina, aldi berean, ez zuen aberastasun horren zantzurik inon ikusten, eta askotan entzuten zuen ez zela dirurik etxean. Etxekoak ez ziren ez benetako pobreak ez eta egiazko aberatsak ere. Elizara ere ez ziren joaten, erdi judutarrak eta erdi katolikoak zirelako; finean, ezer ez.

Haur hura ohartzen zen desberdina zela, eta goizak ogia jaten eta eleberriak irakurtzen pasatzen zituen, irakaslearen zain. Lotsatia, larderiatsua eta setatia zen aldi berean. Faltan zituen gauzei erreparatzen zien: telefonoa, loreak balkoian, paper margotua paretetan.

Heldua zela, idazle italiarrak aitortu zuen lagunik ez izatearen obsesioak jazarri zuela nonahi eta noiznahi. Maiz pentsatzen dut bakardadean bizi izan direnek luzaroan ez dakitela beste era batean bizitzen, baina, berdin gisan, gorroto dutela bakardade hori. Gatazka horrek egiten ditu bakar, egiten ditu berezi, egiten ditu sortzaile.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.