Fernando Pessoarekin ezagutu nuen saudade hitza eta horren adierak ere bizi izan ditugu guztiok; oroimina, herrimina, bakardadea...Urruntzen garenean badakigu zenbaitzuek sentitu eta oroituko dutela, berriro, gurekin elkartzeko gogoa. Hemendik dabil azken bi hilabeteetan Alemania utzi berri duen lagun bat, filologia hispanikoa ikastera etorri da. Ez nuke esango saudade-ak eraman duenik AEKn izena ematera, baina bai lagunak egitera. Bai, esan bezala euskaltegian dabil euskara ikasten. Alemaniartasunak diziplinatua izatea dakar, egunero falta barik eskolara joaterainoko diziplina edo tabernan topo egitean den-dena euskaraz hitz egiterainoko diziplina.
Duela ez asko, nire lagunekin tabernan nengoela, sartzen ikusi nuen. Poztu egin nintzen beste lagun batekin zegoelako, orduan hasi ziren alde bateko eta besteko aurkezpenak, dena euskaraz. Euskal Herrikoa zen bere lagunak ez zekienez euskaraz, nirekin jai daukazue bat esanez jakak bazter batera eramatera joan eta ez zen gehiago itzuli.Handik ordubetera, beste taberna batean elkartu ginen, alemanak poteoa gurekin egitea erabaki zuen eta euskaraz aritzeko borondate guztia. Belarrira gaztelaniaz berba eginez, esan behar zidana garrantzitsua zelakoan, bere lagunak esan ziona gogoratu zidan: aurkezpenen unean minduta sentitu zela euskaraz ari ginelako.
Ezin nuen minduta hitza testuinguru horretan ulertu, lotsatuta zetorkidan burura.
LARREPETIT. 'Saudade'-a
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu