Jakina da boterearen inguruan iruzurrak aldaera amaigabeak ezagutzen dituela. Kontua da trapu zikinak eguzkitara ateratzen direnean zergatik sentitzen den lotsa toki batean eta beste batean ez.
Europako zenbait herrialdetan, figura publiko baten duintasunaren defentsak mugak izaten ditu; beste batzuk, berriz, askoz ere toleranteagoak dira eskandaluak har dezakeen mailarekin.
Adibidez, alde batean daude: Frantzia, Britainia Handia, Alemania. Hurrenez hurren, azken asteetan Michele Alliot-Marie, Frantziako Kanpo ministroa; Howard Davies, London School of Economicseko zuzendaria eta Karl Theodor zu Guttenberg, Alemaniako Defentsa ministroa erori dira atzapar zikinak agerian. Alliot-Mariek ezin izan dio karguari eutsi Tunisian egindako oporretan Ben Aliren hurbileko enpresari baten hegazkin pribatuan hara eta hona ibili ostean. Howard Daviesek Libiako diktadorearen semearen dirua onartu zuela jakin zen. Zu Guttenberg jaun txit aristokratak doktorego tesia hein handi batean «kopiatu eta itsatsi» teknika erabiliz osatu zuela onartu ondoren utzi du postua.
Denak saiatzen dira egindakoak mozorrotzen eta zuritzen, baina noski, kaka esplikatzen jarrita, ezin inondik ere garbi irten, herritarren begiradetan kakaztuta geratzen dira. Itxurosoa ez den piura horretan, duintasuna eta sinesgarritasuna galduta, alde egitea erabakitzen dute.
Zu Guttenberg jauna egunkari, kafetegi eta lagun arteko solasaldi guztietan da hizpide. Titulu aristokratikoari titulu akademikoa gehitu nahi, eta plagiora jo zuen. Zergatik egin norberak beste batek egin dezakeena? Oraintxe doktore tesiari azken ukituak egiten dabilen laguna irainduta sentitu da. Lagun italiarra aldiz zeharo txundituta, testu zatiak kopiatzeagatik politikari bat dimitiarazten duen iritzi publiko alemaniarrarekin. Izan ere, Italia beste aldean baitago; esaterako, Espainiarekin batera.
Larrepetit
Lotsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu