Ander Perez Argote

Lurralde berriak

2024ko apirilaren 12a
05:00
Entzun

Denbora bat da goizak kutxetatik liburuak ateratzen ematen dituzula. Lan berrian ari zara, eta sinplea da mekanika: paketeak ireki, aleak sisteman sartu, eta liburuak apaletan edo mahaietan kokatu. Tartean, milioika orri doaz esku artean, sekula irakurriko ez zenituzkeen hainbat, baina baita irakurri nahi arren sekula irakurriko ez dituzunak ere. Milioika orri, ehunka istorio, zuretzat idatzi ez direnak.

Eta hala ere, frustrazioa baino, gehiago da halako gozamen bat liburuak esku eta begietatik pasatzerakoan sentitzen duzuna. Paper berria hatz-mamiekin ukituta, liburu horiek dagoeneko zure egingo bazenitu bezala, nahiz eta irakurri ez. Logika bertsuaz gehitzen dituzu tituluak Goodreads-en irakurri nahi dituzunen zerrendara: badakizu alferrik ari zarela, ez dagoela bizitzan hainbesterako tarterik, baina segi halere, klik bakoitzarekin heriotzari denbora pixka bat irabaziko bazenio bezala.

Eta denarekin antzera. Lagun batek kontatzen du kanpoko adiskide batek behin erreparatu ziola euskaldunok nonbait dugun ohitura bati: jaten ari garen bitartean bestelako otorduei buruz mintzo garela zioen, hurrengorako prestatuko dugunaz, jatetxe honetara edo hartara joateaz. Konturatu zara berdin aritzen garela mendian, txango erdian hurrengorako plana egiten, edota neguko parrandetan udako festak antolatzen.

Agian horrek salbatzen gaitu, posiblearen eremura mugatu beharrean, haragokoa irudikatzeak. Beti zerbait gehiago gehitzeko esperantzaz aritzea, finitu garela ahaztuta. Agian hor ere egin liteke marra bat kontserbadore eta aurrerakoien artean. Dutenarekin gelditzea desio dutelako lehenbizikoek, eta aurrera egitea bigarrenok, beti lurralde berriak esploratzeko prest.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.