Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Memoriaren erabilera didaktikoa

2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Maiatzean inkesta egin, eta pasa den ostegunean jakinarazi zituen Nafarroako Gobernuak terrorismoaren gaineko galdetegiaren emaitzak. Gogo handiagoz edo txikiagoz, Foru Erkidegoko mila pasatxo nerabek erantzun zieten Gizarte Eskubideen Departamentuko inkestatzaileen hogeita lau galderei, zeinetan ETAren eta GALen atentatuez galdetu zitzaien. Indarkeriaren erabilerari buruzko pertzepzioa aztertzea zen helburua, horren emaitzen arabera egokitzeko Hezkuntza Departamentuak egiteko asmo dituen memoriarako eta terrorismoaren prebentziorako unitate didaktikoak.

12 eta 16 urte arteko ikasleen erantzunek argi utzi dute gazte askok ez dakitela zer gertatu zen ETAren jarduteak iraun zuen bitartean —indarkeria politikoari dagokionez, behintzat—. Neurri batean, emaitza ez da horren harrigarria, horietako batzuk jaioberriak eta besteak txiki-txikiak baitziren ETAk borroka armatua albo batera utzi zuenean. Zer esanik ez, arrotzago egiten zaie GALen eta erakunde terrorista ultraeskuindarren ibilbidea. Esanen nuke heldu asko ere ez liratekeela erantzuteko gai izanen azken talde horien indarkeriaren erabileraz galdetuta; adibidez, Espainiako gobernuek berek ez dute sekula erantzun argirik eman GALen gainean galdetu zaienean. Susmoa dut, nire ezjakintasunean, isiltasun hori ez dela informazio faltaren ondorio. Bestalde, ezinezko da jakitea gazteek ezagutzen ote duten nola erabiltzen zuten—eta duten— indarkeria iraganeko —eta egungo— estatuko eta erkidegoetako segurtasun indarrek, inkestan ez baitzen horren gaineko galderarik. Jakiteko dago nola agertuko den uniformedunen jarduera unitate didaktikoetan.

Gaur eta bihar politika orokorreko eztabaida eginen dute Nafarroako Parlamentuan. Seguru nago Navarra Sumako ordezkariak terrorismoa memorian gordetzeko ekarpena eginen duela behin eta berriz debatean, haren asmoa ez dela didaktikoa izanen seguru dudan hein berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.