Trentoko III. Kontzilioan, 1562-63, eliza katolikoak euskaldun guztiak eskumikatu gintuen paganoak izateagatik, eta ordutik ez du erabakia ezeztatu. Calahorrako Inkisizio epaitegiari buruzko lan baten aurkitutakoak azken urteetako ikerketa ildoari ematen zion bultzadaren pozetik iratzartu ninduen mugikorrak. Zatoz etxera, eta Goya sarien emanaldia ikusiko dugu! Gonbita egin zidan lagun zinemazaleak. «Sodomiten hogeita batgarren mendeko espainiar mistika berria modan badago...» zer egingo zaio ba, baietz esan nion. Domeka arratsaldeko deiek beti iradoki diote delinkuentzia puntu bat moral kristauari. Eta gehienetan gatz eta berakatzik gabeko proposamenez mozorrotuta joan arren, beti amaitzen dute interesgarriak izaten.
Kultura munduko sariketa ugariren leit-motiv-a onanismoa bada, Goya sariak amerikarra izan nahi eta ezinaren apologia patetikoa dira. Sariak banatu aurretik antzezleen jantzi eta bitxi aukeraketaz informatu gintuzten testuinguru ekonomiko eta sozialarekiko inolako sentsibilitaterik gabe. Parte-hartze artistiko guztiak Goya bat irabaztearen ohorea loditu eta laudatzera bideratu zituzten. Antza, eurek ere ez dute saltzen duten produktuan sinesten.
Behin, euskarazko eleberri baten oinarritutako filma finantzatuko zuen enpresari kataluniarra ezagutu nuen. Katalunian kirola eta kultura diruz hornitzeak gizarteari egiten dion onuraz jabetzen den enpresari asko dago. Eta klabe horretan irakurtzen dut espainiar zinemaren sari banaketan katalanez ekoitzitako lana izatea sarituena. Baliteke etorkizunean katalana izatea espainiarren kultur eta kirol hizkuntza.
Zaila da finantzabidea aurkitzen zabalpen merkaturik proposatu gabe. «Internet ez da etorkizuna, oraina da!». Utzi zuen historiarako Alex elizakoak. Mezua borobiltzeko bizitza osoko ibilbidearen Goya Internetek erauzi ei duen Mubarak presidenteari eskainiko zioten? Jakin barik lotu nintzen, une horretan domeka arrastiko Goyen planak goia jo zuen eta.
Larrepetit
Mubaraken Goya
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu