Kattalin Miner.
LARREPETIT

Mundura emakume jaio eta

2016ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Aliciak bazuen oraindik bizitza oso bat aurretik, baina mundua bere indarkeria erabiltzeko neurrira sentitu duen gizon batek erauzi dio braust. Gogorarazi dio, gainera, Aliciak oraindik zein izan nahi zuen erabaki aurretik, emakumea zela, eme-ume bat alegia, eta, beraz, biolentzia eta boterearen jazarpenerako erditua zela mundu honetara.

Izan ere, bai, indarkeria matxista ez baita bikote heterosexualen, jeloskortasun, kontrol eta bestelakoen kontua bakarrik. Indarkeria matxista, emakume, azpiratu, beste hori izateagatik bakarrik, munduratu bezain pronto egozten zaigun jazarpen betierekoa da, modu soilean esanda.

Piztia basatia da Alicia erail duen gizona, baina, Askatasuna ez da kale bat artikuluan Mikel P. Ansak ederki gogorarazi zigun bezala, ez da ero bat: «Eroek ez dituzte umeak leihoetatik behera botatzen». Eta, ez, ez noski, gizon hori ez baita izan patriarkatuaren beste seme osasuntsu bat besterik.

Medio serioek, ordea, profil psikiatriko eta pertsonal detailatua eman digute hiltzaileaz, besteak beste, saxoa jotzen zuela, baina begietara sarri ez zuela begiratzen. Argi utziz psikopatiaren bat zuela, bestelako gizonengandik aldenduz, hain ohituta gauden «ez zegoen burutik sano» esanez bezala.

Beste medio serio batzuk gogorarazi digute, gainera, zaurituta heldu zela ospitalera, eta, inongo lotsarik gabe, dudatan jarri dute erasoa izan ote zen edo «bien arteko (Aliciaren amarekiko, alegia) borroka bat».

Honetan guztian borrokarik badago, mundura emakume jaio gintuztenon borroka dago. Jakin badakigulako horrek berak gudu zelai bat marrazten digula gorputzean lehen hatsa ematen dugunetik, eta, horregatik, ez nuke amaitu nahi ama horri doluminak eman eta haren ausardia aipatu gabe utziz.

Mundura emakume jaio gintuztelako, baina guda hau ez genuelako guk hautatu, eta beti beharko ditugulako aurre egiten diotenak. Eskerrik asko, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.