Aitak haurtzaro erosoa izan zuen: guraso dirudunak zituen, neskamea zuten etxean, bi auto eta udarak pasatzeko etxea hondartzan. Kolonbian ekonomiaren beherakadaren aurreko garaiak ziren. Baina, urte batzuen buruan, egonkortasun ekonomikoak behea jo zuenean eta aurrezkien balioa ia hutsera iritsi zenean, Madrilera joan ziren emaztea eta biak seme jaio berriarekin. Bizitza hobeago baten bilaketa borroka gogor bihurtu zen garai hura, autorik gabe eta hondartzara joateko ametsekin. «Etorkin» etiketarekin pasatutako hiru urte izan ziren; aurretik ikusi ez zuten bizitzaren beste aurpegi bat zen.
Madrildik Londresera joateko aukera eman zioten lanean aitari,eta berriro ere Erresuma Batura etorkin txartelarekin etorri ziren duela bost urte. Bizitza ez da samurra suertatu Londresen: emaztea langabezian dago, hilabete bukaerara ozta-ozta iristen uzten dien soldata irabazten du aitak, gauetan logela bihurtzen den egongelan koltxoi batean egiten du lo semeak.
Semea etorkina izan da bizitza osoan. Baina bestelako esanahi bat dauka beretzat; zerbait arrunta da; ez du besterik ikusi konparatzeko.Eskolan, bere antzera etorri diren ugari daude, eta ez da beraien aukera izan, baina inkontzienteki onartu duten egoera izan da, eta ez dute kezkarik; pozik daude.
Kolonbiara itzuli ziren duela gutxi, eta bere adineko neska-mutilekin pasatu zituen bi aste semeak. Oporren amaieran, galdera bakarra egin zion aitari: «Zergatik dira denak Kolonbiarrak han, non daude gainontzeko guztiak?». Aitak, berak haurtzaroan izan zituen gauzak semeari ezin emanaren erruduntasunaren zama zeraman gainean, eta beste ardura batzuk zituen buruan: auto kopurua, dirua eta hondartzako etxea bezalako gauza neurgarriak. Semeak, ordea, beste balio batzuk garatu ditu. Etorkina izateak zenbat balio duen ez da neurgarria modu berean, ezta zortzi urteko haur baten heldutasuna eta esperientziak ere.
Larrepetit
Neurtu ezin dena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu