Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Nicolas Cage izanen da

2022ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Nicolas Cage aktoreak bere burua antzezten du The Unbearable Weight of Massive Talent filmean, hori behintzat ez dute gidoitik aldatuko; baina beste pertsonaia bat, jatorrizkoan zein mundu zabaleko hizkuntza gehienetara bikoiztutako bertsioetan Kataluniako presidente dena, Mexikoko presidentetzarako hautagai bilakatu dute gaztelaniazkoan, metafikzio ariketa batean.

Era berean, bikoizleek Cervantesen hizkuntzaz toponimoak ahoskatzen dituztenean, planetako beste eskualde batean kokatzen da gidoigileek Mallorcan girotu zuten trama —Kroazian filmatuta, bestalde—. Planetakoan edo, zeinek daki, galaxiakoan, zeren, kontxo, metafikziotik zientzia fikziora erraz egiten baita salto. Gaztelaniazko bikoizketan, Espainiako telebistako albistegietan eguraldia iragartzeko tartean bezala gertatzen da: batean ezinezko da Molt Honorableren alaba Mallorcan bahitu, bestean ezin dira jarraian aipatu Kataluniako eta Balear Uharteetako fenomeno meteorologikoak. Horregatik, Mallorcara iritsi aurretik, Murtziatik pasatzen dira ekaitzak.

Ez ote zaio fikzioa errealitateari gailendu? Ez zaigu horrela gertatu delako zantzurik falta: Espainia aldeko hainbat irratiren eta telebistaren arabera, aitaren seme izateagatik errege den horrek erruz eta taxuz egindako lanari esker ditu gordeak 2,5 milioi euro kontu korrontean; politikariak, kazetariak eta abokatuak —gizakiak, oro har— espiatzea defenditzen duen ministroak salatzen du telefonoan bere sekretuen berri izateko aplikazioa txertatu diotela; autogobernu ariketa dela azalduta, Nafarroako Hezkuntza kontseilariak ingelesezko fikziozko eredu bati eusten dio, euskaraz ikasteko eskubidea Nafarroa osora zabaltzea baztertzen duen bitartean. Bikoiztutako bertsio batean bizi ote gara? Zorionez, Nicolas Cage dugu errealitateari heltzeko euskarri.

Atx! Ohartu naiz Nicolas Kim Coppola dela fikziozko Nicolas Cage antzezten duen aktorea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.