LARREPETIT

Niretzat

UXUE APAOLAZA
2010eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Nolabait etxetik kanpo sentitzen garenean, are hunkitzen gaituzte bertan goxo entzungor egiten genienek. Pertsona maite zuenarentzat absurdua izango da, baina pertsonaia konpartitzen dugunontzat ez, esatea, zenbaitetan autorearen heriotzean obra berreskuratzen dugula, inoiz eskuratu ez genuen neurrian beharbada. Canal Plusek derbi aurretik pantailaratu zuen Xabier Leteren argazkiari begira, tabernari leiho bat ireki balitzaio bezala zen, niretzat bakarrik Madril erdialdean.

Ogi apurrak oinarrizko dira, kaosean zehar ibiltzeak izutu ez gaitzan, are iraunkorrak ez direnak. Atzo biri jarraitu nien lanetik etxera adibidez: nik jarritako bati eta ausaz agertu zen beste bati. Nire lagun Angelek gomendatu zidan liburu bat nuen eskaturik, dagoeneko dendako apalean zegoela banekiena mezu bidez abisatu zidatelako; gero inoiz egiten ez dudan siesta bakartiaren promesak bezainbat eusten nau bagoian zutik milioika pertsonaren artean, milioika objeturen artean, apalategi erraldoian nire zain den liburu txiki bat dagoela jakiteak, eta maitasun karta bat jaso duenaren irribarrea atera zitzaidan jende artean zein apal, zein leku, zinema atarian musukatzen den nire maitalea zen liburua. Ausaz, metroan, siesta promesaren orduan agertu da ekialdeko Europakoa dirudien neska ilehoria, bigarren ogi apurra, noiz edo noiz topatzen dudana lur azpikoon klub gero eta murritzagoan, eta gorroto dudan Alejandro Sanzen kanta bat kantatzen du, berak egiten duenean hipnotizaturik entzuten dudana. Atzo doinu aflamenkatu bat estrenatu zuen, eta permanentea egin; denek entzuten zuten, baina niretzat zen, nik bakarrik ezagutzen nuelako fan-aren emozioz.

Lanean, ordenagailuen teklen hotsen artean, YouTube, «Ni naiz» furtibo bat hasi da nire kaskoetan zehar kanpoan euria ari duela. Eta Milkiwayk bere kantuan esan bezala, gor zaizkion belarri artean,«gaur Xabier Letek niretzat kantatzen du», ogi papur eginik, inoiz egiten ez dudan siesta bakartiaren promesatzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.