Hatsaren kulunka liburuan aipatzen den zapi zuriaz hitz egin nahi nizuke. Herta Müllerren eleberriko protagonistari, II. Mundu Gerraren amaiera aldera Sobiet Batasuneko lan-esparru batera deportatutako gutxiengo alemaneko errumaniar gaztetxo bati, emakume errusiar batek zapia oparitu zion, hotz handia egiten zuen egun batean; gosez zegoenegun batean. Atsoaren semea, liburuaren protagonista bezala, lan-esparru batean zegoen. Sudurretik ur tantak zerizkion gaztea hotza ikaragarria baitzen, eta emakumeak, orduan, zapi txuri bat eman zion. Eskuan jarri zion, eta hatzak estutu zizkion, gorde zezan.
Ederra zen zapia, txuria, antigoalekoa, batistazkoa. Mutila ez erabiltzera ausartu. Ez zuen inoiz erabili eta lan-esparruan egon zen bitartean maletan gorde zuen. Etxera eraman zuen handik atera zenean. Bost urte eman zituen lan-esparruan. Aukera izan zuen elikagaiengatik aldatzeko, edo zerbait biltzeko,baina inoiz ez zuen egin. Bere patua zen zapi hura eta patua ezin dugu inoiz ere guregandik aldendu. Polizia bere bila etxera joan zirenean amonak esan zizkion hitzak zapi bihurtu zituen: «Badakit buletatuko zarela». Zapi hura izan zen bere zaindaria, heriotzatik aldendu zuena alegia.
Bitxia da zeinen garrantzitsuak diren beste batzuek ematen dizkiguten objektuak. Nik oharkabean osatu dut oparitutako arkatz, axota eta bolaluma bilduma bat. Bat bera ere ez dut erabiltzen, galduko dudalakoan edo agortuko zaizkidalakoan, ez dakit. Gauza bera gertatzen zait pilatuta ditudan Moleskine, kaiera eta libretekin. Lagunek edo etxekoek bidaietatik ekarri ohi dizkidate, eta oso bakanak dira erabili ditudanak. Izan ere, beldur ematen dit maite dudan norbaitek oparitutako objektuak desagertzeak.
Kutxa bat ireki dut, bolaluma klasiko bat eta lanpara txiki bat dituena barruan. «Badakit bueltatuko zarela» pentsatu dut neure artean. «Badakit bueltatuko zarela askatasuna deitzen den alde honetara».
Larrepetit
Objektuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu