Iñigo Aranbarri.

Ogi zerutik

2024ko martxoaren 10a
05:05
Entzun

Mana taldea sortzerako ikasia genuen, entzunaren entzunaz, Toribio Iriondo elgoibartarrarena: «Ogi zerutik etorria, zu zera gure poz guztia». Garaiko hit bat.

Ederra da irudia, izan ere. Elur hotza beharrean, ogi epela zerutik behera samalda gosetuaren pozerako. Mundualdi honetan aukeratu bakan batzuei soilik fortunatu izan zaien ditxa. Hainbeste bazter munduan eta Palestinan gertatu da atzera ere. Ehunka paraxutetan, 38.000 anoa janari jalki dira mara-mara egunotan Gaza gainera.

Mirari guztiekin bezala, nekez liteke hau ere arrazoiaren bidez konpreni. Edo agian ogien eta arrainen remakea datorke berriro. Ez baita erraza ulertzen zer egingo duten bi milioi eta laurden gosetuk 38.000 erraziorekin. Azak ontzeko, opari egilea bera ez da edonor. Erasoak hasi zirenetik eta abendu bitartean, armaz beteriko 230 hegazkin eta 30 zamaontzi zituen bidaliak Israelera Bidenen administrazioak. Berriki, beste 147.000 milioi dolarreko arma salmenta baimendu du Anthony Blinken Estatu idazkariak. Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun batzordean, berriz, dagoeneko hirutan baliatu dute AEBek beto eskubidea su etenaren aldeko beste hiru proposamen eragozteko. Gosea arma balekotzat jo duen bera da zeru goietako ongilea, Joe Biden humanista handia.

Anartean, Gazako hondakin artean goseak hildako umeen gorpuak txakurrak jaten ari direlarik, Israelgo gobernuak ez du gutxiago izan nahi. Paskin eran bidali du mana dontsua zerutik. Ramadan zoriontsua opa die Gazako biztanleei, borondate oneko ohartarazpen eta guzti: «Jaten eman behar zaio gosetuari».

Gogoan dut, «Zer zoriona den gurea!» bitan esanda amaitzen genuen elizako kantu hura.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.