maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Onarpena

2017ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Iruñeko sanferminetako talde bortxaketaren epaiketaren harira badago bereziki egonezina, nazka eta arbuioa sortzen didan zerbait, defentsaren abokatuak argudio nagusitzat darabilena: bortxatuta ez, baizik eta onartuta eduki zituela emakumeak «sexu harremanak» bost gizon haiekin.

Hasteko, ez dakit inoren buruan sar daitekeen emakume bakarrak halako talde batekin sexua eduki nahi izatearen ideia. Baina teorian posible izatekotan ere, uste dut nabarmen baino nabarmenago gelditua dela ez dela kasua: neskaren salaketan, gizonen modus operandi-an eta erakutsi nahi izan dituzten hamaika frogetan. Dena dela, onarpenarekin bueltaka dabil defentsa, eta horren erakusle gisa-edo emakumeak ez erantzun izana nabarmentzen dute: alegia, erresistentzia fisiko eta hitzezkorik ez zuela erabili bortxaketaren mementoan. Eta horrek esan nahiko luke, beraz, emakumeak onartu egin zituela egin zizkioten gehiegikeria guztiak.

Aspaldi irakurritako Virginie Despentesen King Kong Teoria liburua ekarri dit gogora argudiaketa bihurriak. 17 urterekin bera eta bere lagun bat hiru gizonek bortxatu zituztenekoa kontatzen du Despentesek, eta hortik gizartearen logika azaleratzen: «Ez bortxatuak izateari eutsi izan bagenio, nahiago izango genukeen hil, edo haiek hiltzea lortu izanen genukeen. Eta, bortxatzaileen ikuspegitik, hori sinistea lortzen dute: 'Bizirik ateratzen direino, esan nahi du ez zeudela horren disgustura'». Heriotzaraino defendatzea, beraz, bortxaketatik libratzeko aukera bakar.

Kontua da, hala esatea iraina ez bada, emakumeak bortxaketa onartu bazuen onartu egin zuela ume batek bere aitaren zaplaztekoa onartzen duenean bezala, edota paperik gabeko langile batek bere nagusiaren esplotazioa. Eta egoera horietan guztietan erantzutea garrantzitsua den arren, zaurgarritasunaren aurrean ez-erantzutea ere izan daitekeela erantzuteko modu bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.