Aurreko asteko zutabean denboraz kanpoko kontuak izan nituen hizpide, benetako gertakariek zutabea bidaltzeko epeari aurrea hartu zioten. Ostegun gauean, idazten hasi nintzenean, Mubarak bere horretan zegoen,herriaren oihuari entzungor.Kairoko Tahrir plazatik Mubaraken jauregira manifestariak abiatu zirenean bidali nuen zutabea. Ostiral arratsaldean eman zuen dimisioa Mubarakek, eta larunbatean azalduko ziren nire hitzak desinformazio bilakatu zituen.
Duela ez hainbeste urte,oporretan Europan zehar joaten zenak bezperako egunkaria irakurtzen zuen,egunekoa oraindik iritsi ez zelako. Orduan ere denborak ezabatutako inprentako errealitatea biziko genuen askotan, baina egun bat atzerago bizitzeko modu asinkrono horrek ez gintuen arduratzen. Orain, ordea, denboraz kanpokoaren balioa segituan gelditzen da ezerezean, are gehiago Twitter eta antzekoen inbasioarekin, askotan gertakariei ere aurrea hartu nahi izaten diegu, errealitatearen pieza guztiak beste inork baino lehen osatu nahi horretan.
J-ren istorioa kontatu didate gaur; 1937an Euskal Herritik Ingalaterrara joan ziren lau mila haurretako bat zen J, Gernikako bonbek deuseztatu zuten familia bateko biktima inozentea.Adinean aurrera zihoala, bere haurtzaroko historia eraikitzen hasi zen, berak diseinatutako web orri batean. Urteetan zehar informazio oso interesgarria bildu zuen, garaiko egunkarietako zutabeekin, bere begiz ikusitako kontuekin eta argazkiekin.Duela bi urte heriotzak eraman zuen J , baita web orrira sartzeko pasahitza ere. Osatu gabeko atal batzuk gelditu dira, eta berarekin batera itsasontzian joan ziren haurrek historia osatu nahi dute. «Hau baino gehiago izan zela kontatu nahi dugu, beste gauza batzuk zuzendu nahi ditugu», esaten zidan batek, «web orri honetara sartzen denari esan nahi diogu badirela falta diren kontuak». 2009an gelditu zuen historia J-k, jarraipenik eman ezin zaion historia.
Larrepetit
Osatu gabeko historia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu