Kattalin Miner.
LARREPETIT

Politikariak zaborrontzietan

2016ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Sare sozialetan nabilela, bideo ikusgarri bat topatu dut. Herrialdearen izena zein zen zehazten ez bazen ere, esango nuke Ukraina zela, eta bertan argi ikusten zen ustelkeria kasuetansartuta dauden politikariak herritarrek, besoetan hartu, eta zaborrontzietara nola botatzen zituzten. Ez zuen zehazten ere alde bateko zein bestekoen ideologiarik, baina, kasua kasu, badu orgasmikotik zerbait estanpa horrek.

Hain urrutira joan gabe, Gipuzkoako kapitalean bertan, ustelkeria ez dakit baina ustelak lurpera leloa dabil bolo-bolo. Bizitza omen da handiena, eta hori bera defendatzeko prest dago herritar andana. Horiek, ordea, ez dute errausketaren alde dauden politikari horietako bat bera ere zaborrontzira bota (nahikoa komeria sailkatu nahiz gero). Dakidala, egindako bakarra, alternatibak eraiki, informazioa banatu, hitzaldiak egin, letxugak landatu, herritarrak erraustegiaren kalteez informatu... eta halakoak izan dira. Horri guztiari entzungor egiteaz gain, protestan eta alternatiben eraikuntzan ari direnengana polizia bidali dute gorbatadunek.

Izan ere, ez zaigu askorik gustatzen protesta kapitalean; itsusi geratzen da akaso, zikin agian, eta herritarrek jakin behar lukete ezin dutela nahi dutena egin espazio publikoan, hots, denon lurretan. Paradoxikoki, agintari batek baino gehiagok, erraustegia eraiki nahi duten horiek adibidez, bere buruari errepikatu behar lizkioke baieztapen horiek.

Bada pertsona ankerrik munduan, diru gose hutsez herritarrei lapurtzeko gai dena. Politikaren ustelkeria normalizatua izan daiteke agian, eta ez norbanakoen kontua soilik, baina bada pertsona ankerragorik oraindik: denon diruarekin aberastu ez ezik, hark ordezkatzen dituen herritarrak gaixotzeko inongo beldur eta lotsarik ez duena. Eta horientzat ez dago zaborrontzirik, ez birziklapenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.