Handitan psikologo izan nahi dut. Lehenago ere bai, ahal bada.
Berri-paper batean azaldu da orain egun gutxi batzuk nire idoloa: herritarren ehuneko 80ak—esaten zuen— antsietate, estres edo melankolia sintomak nozituko ditu datozen eguberriotan, eta zeinen gomendagarria den gutako bakoitzak egunok gure neurrira moldatzen asmatzea. Aholku zehatzagoekin ere ausartu da: maite duzun pertsonaren bat galdu berri baduzu, hartu duelorako behar adina denbora, bilatu babesa familiarengan, ez geratu etxean eta ez ezer ospatu, gogorik ez baduzu. Familia urruti duzula? Erabili teknolojiak gertuago sentitzeko eta pentsatu, adibidez, aurten eguberriak dataz aldatu dizkizutela eta iritsiko dela zure momentua. Eta saiatu, hala ere, une bereziak gozatzen inguruan dituzunekin.
Behin hasiz gero animatu da krisiarekin ere: zoriona ez duela diruak ekartzen gogorarazi du (gaurko argazkiek kontrakoa ulerrarazten badute ere, espejismoa da) eta dirurik gabe gozatzeko aukerak bilatzeko ahaleginak merezi duela. Bi ideia, berak: paseo bat kalean gabon-argiak ikusteko edo arratsaldea sofan, familiarekin.
Honezkero psikologo honen izen-deiturak jakiteko gogoz akabatzen zaudete. Ba, ez. Ez dut argituko. Besteak beste, jakin-min bertsuak bultzata sarean haren bila ibili naizelako eta kontsultak e-mailez ere erantzuten dituela ikusi dudalako. 25 euro kontsultako. Galdeketa luze bat bete behar da kontsulta egiteko: zein den zure arazoa, noiztik den arazo, aldaketarik izan ote duen arazo denetik, konponbidea bilatzen saiatu ote zaren, psikologoren batekin edo bakarka, ze emaitza lortu dituzun, ze eragin duen zure eguneroko bizitzan, zergatik egin duzun kontsulta eta abar. A, eta eransteko garrantzitsua irizten diozun beste edozer.
Idatziko nioke: ehuneko 80 horretan nago eta doan emango dizut konponbidea. Erraza da: urtarrila.
Larrepetit
Psikologoari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu