nerea loiola pikaza

Sarrera-ontzia

2023ko abenduaren 28a
05:00
Entzun

Familia egongelan dago, mantapean, film bat ikusten; barrez entzuten ditu tarteka, krispeta batzuk egingo dituzte laster. Han egon nahi, baina urteko azken artikuluari heldu behar. Inuzente Egunez argitaratzeak lagundu beharko luke, baina badirudi polboroiek kreatibitatea ere idortu diotela.

Azazkal guztiak hozkatuta, denbora-pasa korreoan sartu denean, ezustean harrapatu du sarrera-ontzian aurkitu duen eskola bateko mezuak. Irakasle bat opor egunetan lanean? Hori bai inuzentekeria! Egon, baina zer dio honek, diruz lagundutako programa batean bere saio bat egokitu zaiela eta oso pozik daudela ipuin-kontalariaren bisita jasoko dutelako; eta badakien arren saioa LHko ikasleei esleitu zaiela, ea zer iruditzen HHkoak ere eramaten badituzte.

Erantzuna idazten jarri da: azaldu dio bera ez dela ipuin-kontalaria, baizik eta idazlea; eta programa horretan parte hartzean, eskolak arduratu behar duela ikasleekin idazle horren liburu bat lantzeaz; idazlearekin literatur-tertulia bat egin ahal izateko. Baina, lasai, nahi baduzue, ez erosi libururik eta joango naiz ipuinak kontatzera. Noski, ez zait inporta LHkoekin batera HHkoak sartzea, eta nahi baduzue DBHkoekin ere moldatuko naiz; zuek hartu kafe bat lasai bitartean.

Inuzente Egunerako programatu du mezuaren bidalketa. Irribarrez itzali du pantaila eta egongelako sofan eseri da familiarekin batera. Berez, gustura kontatzen ditu ipuinak, hasi da pentsatzen. Deseroso mugitu da mantapean. Eta haraino joanda, pena litzateke HHkoak saiorik gabe uztea. Hasperen egin, ordenagailu bila joan eta programatutako mezua ezabatu du. Ederra dator 2024a idazle autonomo inuzentearentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.